Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

DGA-1^

Iturri bazen sentitzen. (1)
Bakardegiko larrean
ia alferriko zen
iturri zela ere
ohartu zahar bizi zen.
Baina iturriaren
Ihardun-
-legea zuen
zegokion lege
ezinbestekoa.
Larreko loreak zituen
bere zoriaren
zorikide hurbilen:
Sortzen ziren eta zabaltzen
-Norentzat, zuen galdetzen -
norentzat dira loratzen
txilarren, harkaitzen
baztertxoetan hain eder,
hain era askotako
hain lirain eta hain guren?
Noizbaiteko
norbaiten begirada arina
izan zezaketen
onenean ere.
Halere
han ziren,
han zeuden
labur bazen ere
beren berentasuntxo goxoa
osorik eta osoan agertu eta eskaintzen.
Borboil bakoitza zuen
iturriak begi berri.
Kontzientzia eta
ezaguera beti
berriaz zekusan
bakardadeko bere
iturri izatearen
errealitate gorria.
Ez zuen espero
bere bertan beherako urez
inor ase zezakeenik
jakin ere ez bait zekien
bere urak inorentzat
ongarri zitezkeenik.
Halere, izatez
iturri zen izaki
zela, ondo zekien,
eta izateari
lehentasuna eskainiz,
iturri dirau
bakardadeko txilarren,
harkaitzen bazter eta azpilduraz
oparo eta
desinteresatuki
zabaltzen diren
loreen arrazoi
ulertezin apalez.

Gaia 1: Izadia
Azpi-gaia: Izadia: Ura/Iturria
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa