Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

DGA-1^

Idazten jartzeko
astirik ez, eta orduanago (1)
idazteko astia dut opa.
Idazteko astirik bai, eta orduan
astirik ez dudan hartako
idazteko gogoa dut falta.
Diodan hau badakit
lehenengo aldiz ez diodana. [I]
Nora joaten ote dira
orduko idazkizunak? Nora aldentzen orduko
burua eta bihotza hustutzeko gogoak?
Idatziz asaskatzeko* ezezik
lilurazko airetara, ate eta leiho zabalduz,
aire horretatik izpiak hartuz,
hizkiak albainduz, ihardutea nuke
jolas-biderik gustokoen.
Ez dakit nola eman zehatz
gertatzen zaidanaren agerkizuna
Agian nire izaera asegaitz, artega
eta aldakorrean dago
jokaera honen azpi-hare zoroa.
Hala balitz,
irudikeriaren marioneta edo txotxongilo
gizagaixo besterik ez naiz.
Irudikeriaren txotxongilo eta panpina!
Begira, oraintxe berton bururatu zaidan
neure buruaren karikatura!
Ez zait nardagarri!
Kontxo, hau duk hau burutapena eta aurkikuntza! Ez dakit esatera noan hau orain arte sekula idatzi izan dudan.
Psikiatra jaunari behin eta berriz azaldu diodan neure gogoetetako bat duzu: Zoro izan nahi nuke, horra! Psikiatrari barre eragin diot zoro izan gura nukeela aitortu diodan bakoitzean.
—Klaro, esan dit, zuk zoro izan gura duzu,
zuk zorotzat har zaitzaten (2) nahi duzu.
Eta nik baietz.
Eta hark hori erokeria, iheskeria litzatekeen eta batere
gustoko ez zaizkidan kerien iharduna, gogo eta arreta
handi gabe entzun ondoren,
gurari hori ere ezetsi egin behar dudalako ondorioa (3)
atera behar izan dut. Baina horra, non
zaidan bururatu eta aurkitu ere egin dudan
bizi nauen irudikeria dudala
nire izatearen benetako azpi-hare zoro
eta jadanik eta, nolabait lehenagotik,
arras maitagarria.
Txotxongilo eta panpina azkenean,
horra hor beste gainetikorik ezer gabe,
libre egin nintzakeen irtenbidea! Yupi!!!

Gaia 1: Idazlea
Gaia 2: Bizitza
Azpi-gaia: Bizitza: Esperientzia perts.
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa