Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

DGA-1^

Edozein mutikok bezala
heltzen diot idazte-lanari.
Hurrengo eskola-ordurako
idatzita nahi nuke eduki.
Gehienetan idazgaia
libre utzi ohi diet,
gogoak demaiena
idatz dezatela eta
eskolara ekar. (1)
Eskola-ordua baino lehen,
haien lanak zuzendu ondoren,
neure lanari diot, gogoak demaidanari, ekiten.
Gairik ez diet ezartzen,
gehienbatez ez eta neure buru berari.
Gaiak, idaztez kanpo,
bai bait du beste zenbait
arazo eta lokarri.
Uneari berari lotu ohi natzaio
unean otu dakidakeen hari.
Une antzuak badiren arren,
une antzua berbera ere
badaiteke deskribagarri.
Eta beste zerbait idazgarri
hoberik ez badut,
antzu sentitzea bera
nolakoa den esaten
ahalegintzen natzaizu.

Egaņa etorri zait Milikuako barrera [I]
ostera bat egiteko
gogorik badudanentz galdetuz.
Ez? Bai? Ez dakit. Hortan
zutitu egin naiz eta
jarraitu egin diot. Kafeak ez dit gaur
bururik argituko. Egunok eurok
astuntzen naute giro sargori holakoz
maiatzaren goren honetako hegotan.
Nagitasun oso hedatu edo pisu halako bat
nabari dudala esan diot Egaņari.
Non dudan esatea ez zait erraz ostera.
Oinetatik gorakoa da eta, zigarroen kea
gela-sabaian hala,
buruan dut nabari laino-mataza, (2)
gogoa ilundu ezezik, ahuldu ere egiten didalarik
. Bestalde, argi dago kanpoaldea eta zerua
urdin-lauso, Urbia aldeko hodei-multzo
zuri eta handiak itzal geldiz pagoen berdea
bitariko dagitela.
Bidean, diodan sordura honetaz
ihardun natzaio Egaņari.
Barre egin dit hark. Jakina,
nire aldean gaztea ere bada,
eta, seguru, neri baino ikara gutxiago
deragiote giroaren gorabeherek.
Halako gorputzalditan ea zergatik, apur batean baino
ez bada ere, etzan egiten ez naizen galdetu dit.
Ederki.
Berehala erantzun diot
ni ez nauela erraz etzatekoa.
Neke halako nagitasuna nabari dudala bai,
baina haren pisura behin etsiko banu, akabo orduantxe.
Behin honez gero, noiz ez du gure adinak
itxurazko litzatekeen aitzakiarik? (3)
Arraio, esan diot. Gazte nintzenean, alderan-
tzizko gaitza nuen. Orduan bizkortasunak
ninderabilen erraz baino berez, eta
sosegua zidaten gomendatzen, eta damu naiz
jaramon eginaz.
Gizajo zaldi bizkorra,
lotu baino egunero bizirik itotzen nuen
menderatu ezin ahalakoa!
Otzandu da bai gaixoa. Otzandu da bai
tamainu batean! Eta orain
etzan egin behar lukeela diotsote, erremate.
Ba, ez! Damuz dut bazkatuko
eta indar guztiz eutsiko zutik dadin
nahiz eta geldi, zutik
usmatu zituen usain zirraragarri haiek
airean hurbilago bait dira oraindik etzangoaren
lurrun narrasean baino.
Kafeak ez dit kalterik egin.
Burutik beherako ondoez halakoa
desegin egin zaidala dut orain ohartzen.
Kanpoaldeak lehengo itxura berdintsutan
badirau ere, zaldi zaharrak lepoari
deragio,
erdi-ganoragabe idazten hasi naizena,
aspaldiko akordu suspergarri baten
atari argi izan duela ikusten bait du,
behingo zaldi hain zalu haren
akordutako jasari*,
urrundik eta ahots apalagoz bada ere,
irrintzi ahalik eta beroena eskainiz
bukatu nahi du saioa.
Ez daki asko Egaņak, zaltegi ilunetik
zein mendi-malda argitara atera nauen.
Ez dago moxalik, zaldi zahar honi,
behin honez gero orain pozean
asko eramango dionik.

Gaia 1: Bizitza
Gaia 2: Biografia
Azpi-gaia: Bizitza: Esperientzia perts.
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa