Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

DGA-1^

Noizbaitzuetan kaltegarri erizten diot
nolabait lortu dugun
edo nolabait egotzi diguten
izen onari.
Izen horri eustera behartzen gaitu jendeak
batere errukirik gabe,
izen horri eutsi diezaiogula
hil ala bizi.
Gu geu baino, guri buruz erizten dutena,
ezarri diguten izena,
hura dute salbagarriago,
nahiz eta urkatzen bizi erazi,
izenari eutsi behar diogu
euren idolo beharra
oparo zerbi diezaiegun.
Ez dakite gaixoek
zer txorimalo duten
fantasiazko jantzi,
ikuskera partzialez,
egiaz bezainbat gezurrez
antzaldatu eta ederretsi.
Pena demaio bati
jendea desengainatzeak;
bere begien aurrean
mirespenez zekusaten
harrokizun hari,
mereziak bezain ez-merezi dituen
irudi ospetsuari
su emateak
edo tripak ateratzeak
edo zor ez zaizkion
luma eta argia kentzeak.
Halere hobe du jendeak
egiazko tramankulu soila ikusi
bere nahi eta ezinezko
egia gorria beste gehigarririk gabe,
zuzen baino oker, zutik baino jausi,
lurretik hurbil eta
nekearen pean mila aldiz porrot egindako
benetako itxura
lastimagarrian.
Eta hobe du,
bere erruz edo bere ezjakinean
Olinporatu duten hark,
jende arrunt eta ederraren arteko
erliebe normalera
bere burua ekarri.
Hobe du, haizeak zeruz eraman dion izena
bere burura berriz erakarri,
izenik ez bait da
izanean baino hobeto
beste inon bizi.
"Aizu, esan didate,
begira gero, behin honez gero,
izen bat duzula".
"Behin honez gero,
beharturik zaude
jendeak zutaz duen
eritziari eustera.
Kontuz gero jendartean duzun
poeta izen sona handiko hori galdu (1).
Ezin diokezu jadanik huts-eman
jendeak zugan duen esperantzari
nolanahi idatzitako emari belaska halakoz".
Zer nuke nik gurago
jendearen gustoko fruituak eskaini baino?
Baina pospoluak behingo argi bat damake
bakarrik eta onenean.
Gero ikatz eta ezertarako ez den zotz bat dateke,
besterik ez.
Bakoitza bakoitza gara (2)
eta garenez gaindiko ahalmenik ez dugu.
Ez gara gutxi inoiz piztu den pospolu izan bagara.
Kasualitate, eder baten zoriak
mesede hori egin digu behintzat eta poztekoa da.
Behin piztu den pospoluak ez dauka
ikatz eta hondakin izateko lotsarik,
ganorazko zerbait denik
piztu badu halere.
Bestea absurdoa da. Sanjuan-gauez
alegeratu gintuen suak utzi zuen
ilenti-multzoari, berriz alegera gaitzakeen
sua eskatzeak ez du zentzu sanorik.
Jadanik ikatz eta errauts eta erdi-erretako
egur banatu batzuren kondar maitagarri bat
litzateke gehienean. Besterik ez.
Halatsu gu, geure suak erre gintuen
Sanjuan-iluntzeko euri-lanbrotan.
Idoloen beharra dutenak baino
azkarragoa da auzoko erromeriara
jendea besterik ez denaren
ondoan eta ondora doana.
Jendeak behar du iaioen itzalik,
irtenen mugarri eta monolito monumentalik.
Baina nik korrientean nahi dut
neure gizatasuna gozatu
edozein langileren
buzo maraztuaz* beste
soinekorik gabe.

Gaia 1: Bizitza
Gaia 2: Jendea
Azpi-gaia: Bizitza: Esperientzia perts.
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa