DGA-1^
Arduraren laino sargori eta narrasak
bapatean eta
ustekabean, behean,
osoan hartzen
digunean burua,
alferrik da hartatik
babes gaitzakeen beste
zerbaitetara jotzea.
Badauzkazu, badituzu, badakizu
baduzula buruan
zure begirada merezi duten beste
ikuskizun batzu,
argia demazukeen
gauza edo pentsakizun
lasaigarriagorik eta.
Dentsitate astunez
lainoa duzu ordea
begien pareko murru
arre eta iraganezin.
Artega eta ernegu,
irten egin nahi duzu,
urratu egin nahi duzu lainoa,
baina itsatsi, nahasi egiten zaizu
buruaren bazterrenetan ere
haren lauso sotil eta eranskorra.
Alferrik zara saiatzen,
alferretan ari zara haztamuka
zeure buruz eskuzta zenezakeen
zerbait ezagun eta adiskideren bila,
eta beti zaizu, noranahitara zaizu
barruratzen itomen-sentsazioa sortuz,
kezka duzun pisu isurkor halakoa.
Holakotan noizbait, berandu bada ere,
apatx egin ohi dizut.
Saiatu ondoren,
ahaleginak egin ondoren,
senperrenak eginda gero, noizbait,
apatx, zeharo zoratu baino lehen.
Azken batean, noiz gero ordea?
Non zegoen zenekiena?
Baina azkenean beti dakizu lainoa,
burua asebetetzen dizun ilundura,
buruz kanpo nonbait, nahiz eta urrun,
zerupe argi eta zabalak inguratzen duela.
Esperientziaz dakizu aldiak,
geldiro bada ere, epe luzeegian bada ere,
noizbait irentsiko duela mamuaren trunpiloa;
arduraren ikaragarrizko
neurri gehiegizko hura
bere lekura
ekarriz,
beste eginkizunen artean erakutsiz
haren benetako tamaina
eta egiazko itxura.
Bitartean ipurdia zaizu erretzen
deabruen sutan,
baina burua
lepo gainean duzu zaintzen,
babak eta beste,
nolabaitetan ontzen dizkizun
lurrezko lapiko
errepuestokorik gabeko
hauskor eta bakarra.