DGA-1^
Nik ez dakit zergatik
ziur-ziur, baina
soneto edo hamalaukorik
ezin dut idatzi. Beno
hartara jar banendi
bai seguru. Ez ostera
barruak hartara
laguntzen didalako.
Hamalauko asko irakurri dut erdaraz.
Harridura-sentsazioa nagusitu zait
beste edozein sentimenduren gainetik.
Badakit poesian
beharrezkoa dena teknika.
Baina ez nago seguru
teknikak behar ote duen eraman
poesia bateko
mugida- eta harridura-bide
ia bakarra.
Gaztelaniaz eta italieraz
tradizioa eta belarria lagun,
airosoago dira.
Euskaraz bertso barruko
etenak alde batetik eta puntuaren
banaketak bestetik, arraro halako
gertatzen zait hamalaukoa.
Arima-hondoko kili-kilia baino
nolabaiteko kili-koloa nabari
ohi dut sentimenduan. [I]