Ik. Olerkiaren konposizio grafikoa .pdf formatuan
DGA-1^
Tarras-narras,
gauzak ondo egin guraz,
gura nukeen askotara
ezin ailegatuz,
ezinaren kontrako borrokan,
eginkizun hurbilenei lotuta beti,
etxetik irteteko nagiz,
eskutitzei erantzuteko alferkeria, baino
gehiago den zerbait
bentzutu ezin halako
atzera daragidan barru-barruko
oztopoz,
bekokia zimur,
egin behar eta egin gabe uzten dudanaren
kezkaz,
betiko zerbaiten kezkaz,
zertan jaramonik egin ez diedan arazo berberen
arduraz,
edozertariko esturaz,
tarras-narras, barrutik neure burua
hondatuz,
gauzak gura nituzkeen bezain ondo egiten
ez ditudalako
betiko amorruz,
neure buruaren kontrako amorruz azken batean
beti,
muker* eta umore txarreko,
lagun-artetik ihesi-zale,
bakarti,
kontentagaitz,
horra ni neurez,
erraz antzik eman ezin diodan,
aitortu ere aitortu gura ez dudan,
azpi-azpiko eta barru-barruko
harrokeria ondo mehe eta ondo ezkutatuaren
morroi esaneko eta zintzo,
hurkoen patxadari,
hutsak eta akatsak eramateko duten gauzatasuna-
ri begiratzeko gogorik gabe,
begiratzeko gauza ere ez naizela,
inkontzienteki baino ez bada ere,
salatuz eta gaitzetsiz eta arbuiatuz
horrelako jokaera hori,
neure buruaren imajina,
ez bistako ahaleginez,
baina bai eragin ondo mehez
eta ondo ezkutuz
etengabe zaindu guran,
hobetu guran ere bai,
nahiz eta argi ikusten ez dudan,
gatibu azken batean
askatasunaren irrikak baino
beste ezerk bizi ez duen hau.
Barrukoz kanpora, iduleztara* jarri nahi nuke
buru hau
eta barrukoz kanpora bizi
haizeak eta euriak garbi nazaten,
hurkoen, lagunen, jendearen begiek
garbi ikus —ikuz— nazaten,
hurkoen, lagunen, jendearen begiak
garbitzaileago direlako
haizea eta euria bera baino.
Orduan ez nuke tarras-narras ibili beharrik,
ez nuke zer gorde eta zer zuriturik,
ez nuke neure barruan honenbesteraino bizi beharrik,
neure presentzia agertuko nuke orduan,
naizen-naizenean-agertuko nintzateke
inoren eta neure buruaren aurrean
eta ezinik ezin diezadakeela eska ikusiko
luke jendeak,
baina batez ere neuk ikusiko nuke ondoen
ezin dudala bururik ezinera
behartu,
eta lasaiago hartuko nuke orduan neure burua
eta konformeago biziko nintzateke
eta poz gehiagoz
eta askatasun gehiagoz
eta zutiago
eta bistarago,
neure neurrien errealitateaz etsiago
eta dagidanaren erlatibotasunaz etsiago
eta bizitzari eta inguruari eta neure eginkizu-
nei buruzko errespontsabilitatea
nabarmenduz baino
neurri justu eta amore emankorragoz bizitzera
etsiko nuke
eta ez nintzateke hainbeste eta hain alferrik
estutuko
eta, duda gabe, zoriontsuago nintzateke egiaren
argitan
eta liberalago denboraren administrazioan,
ordu guztiak neure buruarentzat gordez
ez baina
zabaltasunez eskainiz haien beharrean
legokeenari
eskutitzei erantzuteko zikoizkeria gabe
jendearekin hitzaspertutan iharduteko
zenkenkeria gabe,
ezagutzen ez dudan, baina nolabait barrundatzen
dudan bide horretatiko atsegina
dastatu eta bizitzeraino biziko nintzateke
eta isurtzeraino bizi nezakeen atsegin hori
neure buruaren eta inguruaren
gozamen gozorako.
Nolanahi ere bake gehiago nuke
eta bake-aire gehiago
eta bizitzarekiko jarrera, jokaera eta eriz-
kera ederragoa, mamitsuagoa, zabalagoa,
bizitzari berari dagokionagoa,
bizitza hedakunde bait da, asaskakunde
eta pozezko pozaren isurkunde ekin eta ekinezko ugari
eta komunikakorra.