Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

DGA-1^

Zein gauza gutxitara heldu ahal garen!
Zein hanka-motz eta beso-labur garen!
Begiak bakarrik ditugu luze,
egin ahal duguna baino gehiago dakusate,
nahi duguna ikusteko adina
ez dira gauza, halere.
Ahal duguna baino gehiago,
gutxiago nahi duguna baino:
hanken motza, begien laburra,
ta, eginkizunen urrungo gailurra.
Hauxe da gure apurra,
nahia da gure makurra:
hanka, beso ta begi
ezinera behartzenegi
dizkigun despota bihurra.
Hanka-motz, beso-labur, begi-luze.
Begiak, hanka ta beso luzeagoen eske.
Baina nahiaren ondoan motz begiak ere,
nahiak gura lukeen beste
inoiz atzeman gabe
nahiaren idaburpean* begiak ere
alferriko neke
etengabetan
porrot-kume,
motz eta labur izatearen betiko penetan
beti,
nahiaren nahi biziki bero
ezinezko ifernutan edo
nahiaren sutan bizirik erretzen bizi garen
geure buruon saskara*
ernegu ta ero
ia besterik ez gara.

Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa