Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

DGA-1^

Euskaraz idatzi gura dudalako
besterik gabe dut idazten euskaraz.
Euskara berriz
besterik gabe maite dut.
Euskararen etorkizunaz baino
naiz euskararen orainaz
arduratzenago.
Ahal dudan zotzez ez baldin badut idazten,
zotz horien indarra izango du gutxiago,
eta hala igaroko da ahulago
ondorengoen eskuetara.
Euskaraz idatzi,
euskarari indarra emateko
idazten dugu.
Geure indartxoa diogu
itsasten,
geure bizitzaren zatitxoak
dizkiogu ezartzen,
zatiak ezezik
bizitza berebizikoa
ezarri nahi diogun arren,
ahalmenik ezaren seme
urriok.
Utopia, kimera?
Gure maitasunak aukeratu
zuen maitekizun maitegarria
euskara bera da ta,
aurrera.
Geroa?
Hozten ez bada
beroa.
Hoztutzen bada,
hoztutzen utzi dutenek
izango dute
beren eritziko kredoa.
Hauxe dut leloa:
Gerorantz luzatzen dut
luzatu ahala besoa
haruntzagoko inork nahi balu
euskararik onar,
neri dagokidanez behintzat
lortu ahal dezan.

Gaia 1: Euskara
Gaia 2: Idazlea
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa