Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

DGA-1^

Txikitatik jarri zuten lanean.
Orduz gero ez du egin
lan eta lan besterik.

Berrogeitahamalau (1) urte ditu,
aski denbora,
berberak egin lanen oroitzapena galtzeko.

Ibili izan den parajeetako
apunterik hartu ez duenaren antzeko da.
Noizak ez du fetxa ziurrik
eta egin izan dituen zereginak
ia identifikagarri ez diren hondakin halakotan
bihurtu ditu (2) ahanzturak.

Hartan eta horretan ilusioz ihardun izanaren
akordu-antzeko asko ditu.
Eginbeharraren eginbeharrez astrapalada gehiegiz
ibili izanaren oroitzapenik ere badu.
Inondik inora zuzenduezineko okerrak ditu
bizienik gogoan.

Gustora eseriko litzateke bide-bazter batean,
berberak egin duen bidearen ertz batean,
esaterako, hantxe egon eta egon egiteko.

Gaia 1: Bizitza
Gaia 2: Denbora
Azpi-gaia: Bizitza: Lana
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa