AOB^
Hasieran Jaunak
zeru lurrak egin zituen,
espiritu sortzaileak
urez-ur ziharduen:
bizidun guztion ama
ura eratu zuen;
deusi bada-ta urari
bizi gara lotuen.
Euri-ura itur-ura,
hibai-ura gora Zu:
egarria duzu kentzen,
lurra ernaltzen duzu!
Non zaren han, bizitza
ta eragina damazu,
osasun, ondasun eta
edertasun zara Zu.
Aire, lur eta itsasoz
ur onaren grazia,
sineskera, erlijio
-erritutan nahasia;
zikin oro garbitzeko
gaitasunez jantzia,
gain ta barru guztizko da
ur-uren garrantzia. (1)
Euri ura itur-ura...
Jendarteko bizi-martxa
hasterako garaian
uretan bataiatu zen
Jesus Jordan ibaian:
geroztik ura gehitu da
sakonduz esanahian,
Jainko-bizitza baitauka
sakramentuzko blaian.
Euri ura itur-ura...
Urarenari nahi diot
neure kantua batu,
bihoa euriz, iturriz;
bedi ostots, olatu.
Azelin-turbinen bidez
indar zara gertatu
eta zalapart-habarrots
-erauntsi bilakatu.
Euri ura itur-ura...l
Negumugan, udamugan
Gabon eta Sanjuan:
suaren jaiaz gainera
urarena dugu han.
Ura beti da ospatu
erritoz ta moduan
ur goienen, ur barrenen
onerizpen klaruan.
Euri ura itur-ura...