Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

L2G^

Arantxa Aburuza, [I]
elorri-lorea,
isilik etorri ta
isilik aldea;
zarata handi gabe (1)
jantzi du etxea
laister igarriko da (2)
haren hutsunea.

Bederatzi urtetan
ihardun zaigu hemen,
orratzak eta plantxak
ez zuten aspertzen;
langile porrokatu,
txukun eta zarden,
non beharrik zegoen
han ibili ohi zen.

Mojak mesedegarri
aitortzen ditugu,
haien hainbat arduraz
bageunden seguru;
irten diren orduan
penarik badugu,
ahal bada berriz itzul
ditezen nahi dugu.

Atzo gure pozgarri,
gaur berriz nahigabe,
nora zoazte mojak
gehiagorik gabe?
Bai, urrun bada beste
beharrik; halere
zuen premia bazen
hemen bertan ere.

Arantxa, zeu zaitugu
aldetzen azkena,
zeugan agurtzen dugu
joanen izena;
guztiontzat daukagu
eskerrik onena,
merezia duzue
jatorren omena. (3)

Gaurra ez bedi soilki
adio-iluna,
zeren besterik bai da
gaurko jaikizuna:
hain zuzenik Arantxa
jaio zen eguna,
bihoa nahigabea,
betor poztasuna.

Belar ondu usaina
haizetan eskuar,
uztaila ere bada,
gaur hogei ta hamar;
argia da nagusi
zeru-lurrak zehar,
bizitza deika dugu
alai ta zangar.

Dezaiogun erantzun
bizitza-deiari
esperantzaren ontzi
eta mezulari;
egun buka-ezina
dugu agintzari,
Berri Onari buruz
darraigun bidari.

Gaia 1: Laguna
Gaia 2: Arantzazu
Azpi-gaia: Arantzazu: Fraideak
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa