OAR (II. Sarrera: 1. Zirriborroa)^
Ni Orbelaunen jaio nintzen. [I]
Nere egiazko mundua, niretzat marka gelditu dena
mendi arlo handi bat da
laborarien arazo eta bizimoduz jantzia.
Urte bi inguru nituela
Nabarnizera eraman ninduen [sic].
A) Herria (1)
Orduko herri txikiak ez ziren guztiz gaur ikusten ditugunen antzeko.
Orain kaleari lotuak: Gernikari.
Autuak, telebista.
Orduan bilduago beren hesparrutan, orduan bertan lan eta bertan jai egin
Teatroa, (2) haratusteak, erromeriak, pelotariak,
probak, harri jasotzaileak eta burruka
nor geia [sic]
Gaur baino alegrantzia geiago herri txikietan, gente pobre baina alegreagoa. (3)
Horregatik jendea benetan interesantea zen, tipo interesante asko.
Familietan, festetan, bazkarietan eta, asko kantatzen, dantzatzen, panderoa jotzen: nere poesian ritmo eta doinu
hauek aurkitzen dira berriro.
Panderuak, albokak, dultzainak, filarmonikak dabiltza nere poesian.
/
a) Familia
a1)
Baserri familiko giroa lana zen, bakardadea, mendia, ixiltasuna, gauak, ipuinak. Oraindik ere umetako mendiak entzuten ditut Arantzazun gauez: Tzi-tzi-tzi... [II] Mendia beteta dago zurrumurruz, argiz, ipuinez, misterioz, beldurrez. Mendiko isiltasuna esaten da beti eta egia da, baina mendikoa isiltasun berezi bat da, gauza harrigarriz bete-beterik.
Goizeko ordubietan joaten ginan Orbalaunetik behera aitari txalen bat eroaten laguntzera. Arratzuko kanposantu ondora eroan behar izaten genduan gehienetan txala. Han uzten genduan aita bere txalarekin eta gero kanposantu ondoz gora bide luzean zihar, baina kanposantuak sortzen duen beldur zirraraz, baina bidean ordu oitan nabarmentzen den edozein zaratatxoz, uletxoak tente-tente eroaten nituen etxera.
Mendiek eta basoek, illuntasunak, argi urratzeak, niretzat umetako presentzia daukate beti. Mendi-basoak, edo iluna eta argia, eta ni ez gara bi gauza diferente eta aparte. Ni mendi-basoetan, ilunean, argian, barruan sentitzen naiz. Ez dakit nola esan. Orain ez dela sentitzen iruditzen zaidan gauza bat da.
Nik badakit ez naizela arbola bat edo sasi bat edo pinu bat gauaren erdian. Baina ezerk ez dit burutik kenduko holako zerbait ere banaizela. Esaten ziguten astoarekin joanez gero ez zela okerrik pasatzen. Ze, ta astoak, aurreko anketan barru aldean, gurutzea dauka, eta horregatik. Errotatik etxerakoan astoari buztanetik helduta joaten ginan gauez. Baina bide bazterretik mozolo batek ateratzen dauan astrapalada eta mutikoaren sustoa ez astoaren gurutzeak eta ez gurasoen esplikazio guztiek dute kentzen.
a2)
Domeka arratsaldetan eliz funtzinotik etxerakoan Larrostako aititari lagun egiten geuntsan Orbelaunera. Han amagaz eta, merienda kopau bat egiten eban, eta gero Goikogan eta Eperlande be deitzen deutsagun tontorreraino laguntzen geuntsan aititari, eta han izaten genduan aititak eta guk geure solasa. Itsasaldea ikusten zen ondo Goikoganetik dana pinuz jantzi eben arte. Han "aurrean eta urrun ikusten dozuen errekamodukoa ez da erreka", esaten euskun aititak. "A, itsasadarra da. Eta harutzago ikusten dozuen landa handia, a itsasoa da. Itsasoa andik aurrera eta zabal doa, aurrera eta zabal, urrun ta urruneraino".
Eperlanda hori, oraintxe esan dodana, lehenago sorginkerien lekua ei zan. Gure aitak, amak eta anaiak izten ba eutsen, sorgin kontuak be, kontatzen zituan. Behin honako hau esan euskun: Ba Eperlandan, behin sorgin-jaia-edo zan. Eta euren elizkizunaren azkenean aker handi bateri eperdian mun egin behar eutsen, erlikiei-eta elizan egiten jaken moduan. Eta han be bazan euren arteko erliki zan akerrari eperdian musurik emon gura ez eutsanik eta haren albandorratz* bat eroian eta zast, mosu egin ordez albandorratza sartu eutsan aker orri eperdiko zulotik auxe iñoala: "Jesus ta kedro, ke kulo negro!".
a3)
Gure amak ez dau ontzat hartzen sorgin konturik-eta. Baina berak esaten dau zelan behin, aita agertzen ez-eta, Elorreta baserrira haren bila zijoala, bidean, hariztian, haritz bati hitz egin eutsala: "Jose, hor zagoz? Jose, zeu zara?". Agian, nor ote zen jakin nahi zuen itargiaren argidurak gizon antza ematen ziona, aita ala beste norbait ote zen. Auskalo. Guk holako gauekoen eta bildurra bizi genuen garai eta mendi giro hartan. Orduan misterio eta beldur mundu hori erreala zen. Motor-hotsak orain kalean errealak diran bezalaxe. Baina guk hura bizi-bizi ezagutu genuen etxean.
Amaren beste ateraldia ez dot ondino kontatu: Domeka arratsalde batean, arrebak, han agertu ziran eskatzean erromeriara joateko prestatuta. Une artan radioak trikitixa joten iarduan eta aitak: "ala neskak, berton egingo dogu lenengo dantzaldia", esan eutsen. Eta maia eta jarlekuak baztartuta, han egin eben euren dantzaldia. Han egoan ama zu bazterrean, ikusi baino ez ikusi gurago ebala, ikusten ebana ta : "A, Jose, Jose, esan eutson, zu eldu, ez zara inoiz be elduko, altuenean be, zimeldu ta jausi".
Hil be alantxik hil jaku aita. Gure konatuak [sic] "a ez zan ez eldu inoiz be, a gordinik hil zan", esaten dau, orain. [III]
a4)
Nik neuk eta guk geienok, amatara emon dogu. Isilak, izkutu zaleak, lotsatiak edo ez dakit ba zelako reserbatu aideko garean be. Aita, ostera, lagun arteko hutsa genduan, eta lagun artean hazi be egiten zan. Familian bera zan etxeko poza. Feriara beti joaten zan astelenetan eta zera gogoratzen dot: ume nintzenean eta gerra aurretik, goizetan lehenengo lana bezperan ekarritako bertsoak kantatzea ebala. Han eukiko eban egun guztian bere papel hori, batzutan berde kolorekoa, bestetzutan morea edo urdina, aldean ezbaeban etarteko* ormazuloren batetan bai behintzat. (4) [IV]
Karinosua bai amagaz: Plaentxiako Julian eta Anjelitagaz sartu nintzan etxean, ta an agertu jakun aita domekako meza nagusitik bueltan. [V] Anjelitak, aita ikusi ebaneko "baina bai elegante zagozala Jose", esan eutsan aitari. Eta amak: "Hori edozer gauzatxogaz joaten da elegante". Aita ori entzun ebaneko: "Ai, Anastasi, neuk be amazortzi urteko ikusten zaitut gero". "Zer esan dau?" "Amazortzi urteko ikusten zaituala". — "Ara", amak.
30 urte Arantzazun bizi nazala, (5) baina gustora joaten naz beti be neure jaiotetxe alde artara. Aitaren bidez artu neutsan gustua jende ari. Elizpean, aita beti jendez inguratuta egoten zan. Gernikan ere ango gizon eta emakume asko agurtuten ebazan eta baeunkan nork entzunik batez be Tilo paseora iloba txikiaren aitzakian andra tartean sartzen zanean. Beti galanterian aita.
Kontu kontalaria zan aparta. Asko irakurten eban etxeko senide batek aitak guzurrak kontatzen zituala esan euskun. Niri amorrua emoten eustan. Gizonorrek ez daki zer dan guzur bat eta zer dan ipuin bat. Aitak ipuinak kontatzen ebazan, ez guzurrak. Behin martxa hartuz gero, asmatu egiten eban, kreau, eta jendeak zoratuta entzuten eutsan. A nobelista zan, antxinako nobelista orretakoa.
Ni naiz baserritarra izan, eta hizkuntzaren eta sentsibilitatearen aldetik beti ere baserritar jarraitu, Arantzazuko frailea naiz ia nere bizi guztian. Nire mundua Nabarniz eta Arantzazu artean dago. (6)
________________
AOB (B bertsioa)^
Ni Orbelaunen jaio nintzen
Nire lehenengo mundua, betiko markaturik utzi ninduena, mendi-sail handi bat da, laborarien arazo eta bizimodu eta etxaldez jantzia. Urte bi nituela, edo lehenago, Nabarnizara eraman ninduten, hango osaba baten etxera. Orduko herri txikien bizigiroa ez zen guztiz gaur ikusten dugunaren antzeko. Nekez irtetzen zen inor bere herriko mugen hesparrutik. Ez zen erraza ere. Orduko bizimoduak soka laburra zuen. Gaur baino gehiago lotzen zuen baserri-lanak. Automobilen bat edo beste zen bakarrik herrixka bakoitzean. Hori asko jota. Oinez behar ziren ibiltaldi luzeak egin. Gaur, ostera, herri handiei loturik bizi dira hauzorik baztertuenak ere. Hala ere, lehengo bizimodutik baino, lehengo mentalitatetik bizi dira urrutiago gaurko baserri-giroko herritxoak. Orduan dena zen herriko, hauzoko, aldeko. Urrutiko berririk, noizbait zeozer, eta sekula ere ez gauza zehatzik. Ipuinen giroak inguratzen eta mantentzen zuen orduko [haien] fantasia. Orain telebista ere badute, badituzte autoak ere, familia bakoitzeko bat edo bik Gernikan egiten du lan; eskolatuagoak dira orain, lehengo aldean asko gehiago irakurtzen da gaur, irratia sukaldean dute, gortan, eta soroetara ere eramaten dute. Lehen, elkarrengandik hurbilago bizi zen herri txikietako jendea: familian hurbilago, lanean hurbilago, jaietan ere hurbilago. Ez zen jende hila ordukoa! Handiak asmatzen zituen edozein ospakizun (8) zela-eta. Ni neu ere umetan teatroa eginda nago, ta ez behin bakarrik. Esan behar nuena ikastea-ta baino, bizar handiz jantzitako hura nere aitatzat onartzea-ta gehiago kostatzen zitzaidan. Neuri ere ez zitzaidan gustatzen nonbait neure burua besterenez jaztea. Haratoste batzutan lehengusinaren gonak jantzi zizkidaten nahi ala ezean. Nahi ala ezean atera ere egin ninduten etxe aurrera, baina ez zen inor nahi ala ezean neure kontura ibili araziko ninduenik [zidanik]. Lurrean etzan nintzen, eta hauzokoak (9) larrera atera zuen behiak hantxe zapalduko ninduen, jaso eta berriz etxera sartu ez banindute. Haratosteen beste akordurik ere badut. Nabarnizko ni bizi nintzen etxeak bi bizitza eta bi balkoi zituen, eta oraintxe ere ikusi egiten dut, kokomarroz [mozorroz] jantzitako haiek (10), saltoen saltoz ia bakoietaraino ailegatzen. Atseginagoak ziren Santageda batzaileak. Nahiz eta gauez etorri, atseginagoak ziren. Kantuan zetozten eta farolez eta txilinez eta arranez apaindutako makilaz, eta soinu eta panderoz. Orduko jendeak jai eta sasoi bakoitzan ospatzen zuen erromeriz, pelota partiduz, edotariko probaz, sarritako harrijasotze saioz eta abar. Batzokia ere bazegoen Nabarnizen eta batzokikoak eratzen zituzten gehienbat teatroak, zine-saioak eta abar. Behin Nabarnizko emakume guztiak bildu zituzten antzinako soinekoz jantzita. Mantoien askotarikoak eta soinekoen arrarotasunak ahaztu ezineko irudia ezarri zidan akorduan.
Don Nikolas ezagutu nuen nik Nabarnizko parroko. Barre algara handiak jotzen zituen. Zura lantzen zuen etxean. Gurutze ederrik egin zuen. Haren lantegian behin baino gehiagotan sartu nintzen. Bazuen etxean beste gela bat ere nik begi luzez begiratzen nuena. Irudi zahar, ontzi antzinako eta diru berdoskaz zeukan han armario edo apalategi halako bat. Eta norbaiti erakusten zionean, lehenagoko gauza haien aspaldikotasuna entzuten nuen nik gustora eta tartean urkultzen [jalkitzen] zituzten istoriak. Baserritarrek ekartzen zizkioten halako gauzak, nonbait ere [entzun dudanez]. Non ote dira bost urte inguru nituela ikusi nituen ondasun haiek? Don Nikolas bera hil zen. Makina bat bider ikusi nuen bere ortuan, aitzurrean, alkandora zuri eta praka beltz nasaitan, lanean, inongo sotanarik gabe. Don Nikolasek prestatu ninduen ni lehenengo jaunartzea egiteko eta bere eskutik hartu nuen lehengo (11) aldiz Eukaristia.
Gauzaok adina itsatsi dut nik neure gomutetan Nabarnizko gai eta eromeria-giroa. Hango parajearen zati ditut, zelaiak zehar ikusten nituen gazte-taldeak, nahiz pandero hutsez, nahiz akordeoiz erromeria zen lekura inguratuz. Gazteak ez ziren erromeriara bakarka joaten, beti taldeetan, kantuz eta soinuz. Han eta haien ondoren ikasi nituen nik hainbeste kantu, gero neure idazlanen oinarri izan ditudanak. Alegrantzia handia bizi zen herrietan, geroztik luzaroan ezagutu izan dugunaren aldean, handia. "Oraingoa baino pobreagoa zen orduko jendea —esaten dit amak— baina bai alegreagoa ere, gero". Familietan, festetan, eta abar, asko kantatzen zen, asko dantzatzen, soinu-modu asko entzuten: panderoa, dultzaina, filarmonika, gehienik. Erritmo eta doinu haiek edo haien akordua dut nire poesiaren barru-soinu eragile ta bizien.
Baserri familiko giroa lana zen, bakardadea, mendia, isiltasuna, gauak, ipuinak. Oraindik ere umetako mendiak entzuten ditut Arantzazun, gauez: "Tzi-tzi-tzi...". Mendia beteta dago zurrumurruz, argiz, ipuinez, misterioz, beldurrez. Mendiko isiltasuna esaten da beti, ta egia da, baina mendikoa isiltasun berezi bat da, gauza harrigarriz bete beterikoa.
Goizeko ordubietan joaten ginen Orbelaunetik behera, aitari txahalen bat eramaten laguntzera. Arratzuko kanposantu ondora atera behar izaten genduan gehienetan txahala. Han uzten genduan aita bere txahalarekin eta gero kanposantu ondoz gora, pinu handi arteko bide luzean zehar, bai kanposantuak ilunbean sortzen duen beldur zirraraz, bai basoan ordu haietan nabarmentzen den edozein zaratatxoz, uleak tente tente eramaten nituen etxera.
Mendiak eta basoak, iluntasunak, argiurratzeak, niretzat umetako presentzia daukate beti. Mendi-basoak, edo iluna eta argia eta ni ez gara gauza diferente eta aparte. Ni mendi-basoetan, ilunean, argian, barruan sentitzen naiz. Ez dakit nola esan. Orain ez dela sentitzen iruditzen zaidan gauza bat da.
Nik badakit ez naizela arbola bat edo sasi bat edo pauso batzuk gauaren erdian. Baina ezerk ez dit burutik kenduko holako zerbait ere banaizela.
Sarri ibili behar izaten nuen, ilunduta gero, baso-bideak zehar. Gerra inguruko sasoi hartan hobe zen, izan ere, ilunez egin ogitarako, morokiletarako edo talotarako irin garraioa. Esan ziguten astoarekin joanez gero, ez zela deabrurik, sorginik eta holakorik agertzen. Ze, ta astoak, aurreko anken barru aldean gurutzea daukala, ta horregatik. Errotatik etxerakoan astoari buztanetik helduta joaten ginen gauez. Baina bide bazterretik mozolo batek ateratzen (12) zuen astrapalada eta mutikoaren sustoa, ez astoaren gurutzeak eta ez gurasoen esplikazio guztiek dute kentzen.
Hauzoak be urrun genduzan-eta, jente gitxi inguratzen zan Orbelaun aldera. Gariebate ta garijotzetarako etortzen zirenez aparte, inguruko basoetara zetorrenen bat edo beste; ijitano bakar batzuk; eskekoren bat, gehienetan Isidrobasto; errekaduen batekin etorrenen bat inoizka; ganadu tratanteak noizik bein [sic], eta seniderik be ez askotan. Udako domeka-arratsalde batzutan Larrostako aitita etorten jakun elizfuntziñotik etxerakoan. Amagaz-eta kontu batzuk esan, merienda kopau bat egin eta ondoren, Goikogane eta Eperlanda be deitzen deutsagun mendi bizkarreraino laguntzen geuntsan aititari eta an eukiten genduzan aititak eta guk geure autuak. Itsasaldea ikusten zan ondo Goikoganetik, dana pinuz jantzi eben arte. An "aurrean eta urrun ikusten dozuen errekamodukoa, a ez da erreka", esaten euskun aititak. "A, itsasadarra da. Itsasoa andik aurrera eta zabal doa, aurrera eta zabal, urrun be urruneraino alantxik". Gure aititak itsasadarra esaten eutsan guk errioa deitzen deutsagunari. (13)
Eperlanda ori, oraintxe esan dodana, leenago [sic] sorginkerien lekua ei zan. Gure aitak, amak eta anaiak uzten baeutsen, sorgin-kontuak be, kontetan ebazan. Bein, onako au esan euskun: "Ba, Eperlandan, bein sorgin-jaia-edo ei zan. Eta euren eleizkizunaren azkenean, aker aundi bateri eperdian musu emor bear ei eutsen, erlikiei-eta eleizan egiten jaken moduan. Eta an be baeizan euren arteko erlikia zen akerrari eperdian musurik emon gura ez eutsonik, eta arek albandorratz bat ei eroian ezkutuan eta zast! musu egin ordez, albandorratz ori sartu ei eutsan aker orreri eperdiko zillotik eta Jesus ta kedro, ke kulo negro, esan ei eban".
Gure amak ez dau ontzat artzen sorgin konturik-eta. Baiña berak esaten dau zelan bein, aitarik agertzen ez-eta, Elorretara aitaren billa joiala, bidean, ariztian, aretx bateri berba emon eutsan: "Jose, or zagoz? Jose, zeu zara?" Akaso nor ete zan jakin gura eban itargiaren argidurak gizon-antza emoten eutson a, aita ala beste nonor ete zan. Auskalo. Guk alako gauezkoen-eta bildurra bizi genduan sasoi eta mendigiro aretan. Orduan misterio eta bildur-mundu ori erreala zan. Motorren zaratak orain kalean errealak diran letxe. Bizi bizi ezagutu genduan guk ori guztiori etxean.
Amari zera itaundu neutsan behin: ea inoiz entzun izan daben, ba etxeko jauna il ondoren, ba ganaduei eta erleei ta jaun horren eriotzaren barririk emon izan jakenik. "Esos son tonterías", erantzun eustan siku be siku. Gero beste au itaundu neutsan: Ta, ama, erlerik saltzen-eta ezagutu izan dozu? "Ori ez, erantzun eustan, erlerik ez da saltzen, ez erosten. Erlie emon eitten da, edo artu eitten da, baiña ezelango dirukontu barik".
Gure aitteri adurra egingo jakon erle gauzarik-eta preguntau izan baneutsa. Bera zan a erlezale, eta etxean be erluntz pilla eukan, eta an ibiltzen zan a benetan eztitten eta erleak pikau be ez eben egiten. Larrostara be bera eroaten eben eztidxe [sic] ataratzen eta, "an ibiltten da zuen aitte erliekaz berbeta baten", esaten euskuen Larrostako lengusuek. Ezti-abauz* eta matsmordo baltzez eta pozik etorten jakun Larrostaldetik.
Olgetan edo txantxetan ezer esaten eta egiten-edo ez dot ezagutu izan inoiz gure ama. Aita bera be ez, baina gure aita ez zan gure ama bezain serio eta begiratua. Amak ez eban ontzat emoten aitaren berezko eta bat baterako urtenaldi humore oneko eta sanorik.
[Amaren beste urtekera bat ez dot ondiño kontatu.] (14) Domeka arratsalde baten, arrebak, an agertu jakuzan eskatzean, erromeriara joateko prestatuta. Une aretan radioak trikitixa jotzen ziarduan eta aitak: "ala, neskak, berton ein daigun lenengo dantzaldia", esan eutsen. Eta maia eta jarlekuak baztartuta, an egin eben euren dantzaldi ori. An egoan gure ama beko subaztarrean, ikusten ebana, ikusi baiño ez ikusi gurago ebala, eta: "A, Jose, —esan eutson— zu eldu, ez zara iñoiz elduko; altuenean be zimeldu ta jausi".
Il be, alantxik il jaku aita. Gure etxeko koñaduak "a ez zan ez eldu iñoiz be, a gordinik il zan", esaten dau orain.
Nik neuk, eta guk geienok, amatara emon dogu: isilak, ezkutu-zaleak, lotsatiak, edo ez dakit ba zelako erreserbadu-aizeko garean be. Aita, ostera, lagunarteko utsa genduan, eta lagunartean azi be egiten zan a gizajoa. Beti eukan arek bere inguruan nork entzun ugari. Familian bera zan etxeko poza. Eriara* [sic] beti joaten zan astelenetan [sic] eta zera gogoratzen dot: ume nintzanean eta gerra aurretik, goizetan lenengo bierra beizperan ekarritako bertsoak kantatea ebala. An eukiko eban egun guztian bere bertso-papel ori, batzuetan berde kolorekoa, bestetzutan moraua edo urdiña, aldean ezbaeukan, etarteko ormazuloen baten bai beintzat.
Astelenetan derrior Gernikako eriara joan behar izaten eban. Alperrik etxean bierra bierraren gainean euki. Arizko prakak, abarketa zuriak eta brusa bizkarrera botata, han urruntzen jakun etxaburuko keixen azpian gora, Goikoganera bidez. Halantxik joan zan aittatuko dodan astelenean be. Udako arratsalde argi eta sargoria, beingo batean illundu eban arratsaldeburu aldera. Ta orra trumoiak, oinaztua eta euri-truxu*, inestasi* eta arria bera be. Amak Sanjuan-lorak eta sutako txingarrak taloburdiñean artu eta etartepuntan ipini ebazan ketan. "Goazen eskatzera (15) eta errosarioa errezau daigun", esan euskun amak. Eta an gengozan agurmariaka arik eta txakurrak aita abiau* eban arte "Aita badator" esanda, errosarioa bertan bera itzi, eta etartepuntara urten genduan danok. Brusa ta praka ta dana gorputzari inkauta agertu jakun aita. "Jeseus!", esan eban amak. "Botua egingo neuke", asi zan aita. "Tira", erantzun eutsan amak, "botuak itzita, zatoz erropok aldatzera". "Botua egingo neuke"... ta an galdu ziran eskaileretan gora, "barrien barriz sekula beste iñoizko astelen baten be ez"... "itzi eizuz botuak eta jantzi egizu au", inotsan amak, eta aita "ez dodala Gernikarik ikusiko, aginduz".
Urrengo astelenean amak oso goiz egin eban bere Gernikara osteratxua*. Domeka arratsaldez prestatuta eukan bandeja ta, goiz etorri jakun etxera, arratsaldean bierrari gogor ekingo eutselakoan, aitak eta biak. Bazkal ostean, eberdiostekoa* egitera joan zalakoan, or nun Gernikarako dana prest agertzen jakun aita ori. Eta "banoa" bera be esan barik, barriro etxaburuko keixen azpian gora, bere arizko praka, abarketa zuri eta brusa aldean zituela. "Aitak urte egin dau ala?", preguntau euskun amak. "Bai, untxe doa etxaburuan gora". Ama orrek urten eban etartepuntara, ta Goikoganerantz begira: "Ai, sikeran bere zorioneko boto ori egiten itzi baneutsa", esan eban.
Bazan gure aita amagaz kariñosua. Plaentxiako Julian eta Anjelitagaz sartu besterik ez nintzan egin etxean, eta an agertu jakun aita domekako meza nagusitik bueltakoan. Anjelitak aita ikusi ebaneko "baina bai elegante zagozala, Jose", esan eutsan aitari. Eta amak: "Ori edoze gauzatxogaz jazten da elegante". Aitak ori entzun ebaneko: "Ai, Anastasi, neuk be, amazortzi urteko ikusten zaitut gero!" "Zer esan dau?" —Amazortzi urteko ikusten zaituala. "Ara!", amak.
Bada 30 urte Arantzazun bizi nazala, baiña gustora joaten naz beti be neure jaioterri inguru artara. Aitaren bidez artu neutsan gustoa jende ari. Eleizpean, aita beti lagunez inguratuta egoten zan. Gernikan be ezagun eta adiskide asko egin ebazan eta bazeukan nork entzunik, batez be Tilo-paseolekura, iloba txikiaren aitzakian andre artean sartzen zanean.
Beti galanterian aita. Bere ustez, baekian andrazkoen barri. Munduko gauzarik ederrenentzat be baeukazan andrazkoak, arek; eta alan begiratzen eutsen eta tratau be alantxik tratetan ebazan. Andrazkoen musua lakorik ez egoen arentzako. Dana beratzen zan orduan eta bizkar guztitik zehar pasatzen eutsen bere esku zuri ta fina eta eperdietan txalo bat edo beste be emon egiten eutsen, dana alantxik egin bear ebalakoan. Nork ezer erasotzen baeutsan "nik badakit zer gustetan jaken baiña" erantzuten eban. Soziedadera joateko zain eukiten eban sarri urrean bizi eban andraren bat edo beste, ta olakoetan, ama balkoitik begira eukala konturatzen bazan, laister botako eutsan besoa bizkarrean zear itxiraiten* eukanari, amari ernegatu eragitearren. "Ikusten dozue ori?" esaten eban amak. "Lotsaren apurrik be ez dauka baina; lotsaren apurrik bez!". Telebistan be ez eban aukerarik galtzen; ez egoen gona laburren kontra. Burua apur bat makurtuta be begiratzen eban pantaillara. "Ze, aitte, erasoten eutsan gure koñatuak, ori be libre da ala?" "Zer ba? Badauka ezer txarrik ala? Beste ezer ederragorik eta hoberik ikusi be egin leike ala? Edertasuna estimatzea ona ez bada, badago ba ona dan beste ezertxu gero?"
Kontularia zan aparta. Asko irakurten eban etxeko senide bat, aitak "guzurrak kontatzen ebazala-ta", etortzen jakun. Niri amurrua emoten eustan. Ze alako juezak ez daki zer dan guzur bat eta zer dan ipuin bat. Gure aitak ipuinak kontetan ebazan, ez guzurrak. Bein martxa artu ezkero, asmau egiten ebazan, kreau, eta jendeak zoratuta entzuten eutsan. A nobelista zan, antziñako nobelista orretakoa.
Ni nahiz baserritarra izan eta sensibilitatearen aldetik beti ere baserritar jarraitu, Arantzazuko prailea naiz ia neure bizi guztian. Nire mundua Nabarniz eta Arantzazuren artean dago.