Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

ABG-1^

Heldu da gizona (1) heldu
ilargia zapaltzera.
Gizakiak asko ahal du!
Benetan nahi izatera
ahalko luke sozialdu,
zati justutan ataldu,
ondasunen alogera.

Lurra maspildu ondoren,
izardia zanpatzera,
Lurra larrutu ondoren.
Zapalketa zabaltzera,
ahal dutenik eta goren,
URSeta USA nor noren
ahalbideak azaltzera.

Nork gorago kikiriki,
altxatu dute burua,
zerua dute atxiki,
hortik ezin-kabitua.
Irten-lehia ezin eutsiki (2),
egin bide zaie ttiki,
bizi gaituen mundua.

Galanta da alabaina
Lurraren luze-zabala,
galanta Lurraren gaina;
herriak ikusi-ala
hazten da haren tamaina.
Galanta zera da baina:
pobreen kopuru mortala.

Kosmonautok, zeren bila
zoazte airetan gora?
Begira txiroen pila
gosez, egarriz, ahora
zer-eramango dabila
sano baino larrik (3) hila
alarau ta heiagora.

Beharrenekoz ahazturik
ihardun zarete handinahi,
gastu larritan sarturik.
Zuek lortu hainbat dirdai
ez dago garbi lorturik:
behar zutenei kendurik
igo zarete hain garai.

Alferrik guk zuen lana
harrimen handiz mirestu,
ez gaude hain zuengana.
Hainbat gizaki zapuztu
ez da kristau panorama;
lazgarria da andana
ta harixe (4) gaude gu estu.

Gaia 1: Jendea
Azpi-gaia: Jendea: Justizia
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa