Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

ABG-1^

Gabon-ilunabarra,
Belenen ostadarra,
haurdun dago izarra:
eguberriren argi
jaioko da sugarra,
Birjina Amaren seme
Jesus Nazaretarra.

Gabon-ilunabarra,
olatuen aparra,
bidean da senarra:
maitasuna du bere
ezaugarri azkarra,
begi gozoak ditu
zabalik du paparra.

Gabon-ilunabarra,
ganaduen hausnarra,
bakea, irri-abarra:
inoiz baino lehenago
esnatu da oilarra,
salbatzaile etorri da
Jainkoaren indarra.

Gaboneko oharra:
Birjina Amaren seme
Jesus nazaretarra,
begi gozoak ditu
zabalik du paparra,
salbatzaile etorri da
Jainkoaren indarra.

Gaia 1: Gabonak
Gaia 2: Jesu Kristo
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa