Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

I4D^

Oi zenbat alferriko sentimendu! Oi zenbat alferriko maitasun! Oi zenbat usmo erdiragarri ta gozo! Beste milaka eta milaka erromes bezala, hementxe igaro zineten. Zu mutil garratz zinen; zu mutikote trinkoa; zu gizon heldu, zuaitona zainar; zu oraindik ume. Zenbat urte dira hemendik igaro zinetela? Bada bostehun urte Arantzazuk jendeari deitzen diola.
Zu ere mendiz etorri zinen. Nondik ba bestela garai hartan? Zenbat zarete mendiz mendi bideok zeharkatu dituzuten emakumezkook? Nexkato zinen lehenengo aldiz hemendik igaro zinenean; zu neskatila perxenta zinen; zu neska
perkatx eta perkantina; zu zenbait umeren ama arduratu; zu alarguntsa zerbait biligardatu* (1). Ortozik asko, bideok zeuok sakondu zenituzten, zeuon oinatzez idatzi, zeuon bizikizunez hunkitu. Ondo bide sakonik bada Arantzazura, aldapa bakoitzean zehar arnasa halakoz ondo beterik. Oi zenbat zuen bularretako sentimendu eder; zenbat tristura gozo; zenbat itxaropen; zenbat antsia luze; zenbat gogo zazpi koloretako! Zein argi niretzat, zein bero oraindik, zein berri!
Pausoa piskat azkartuz gero, zeuokin bat egin behar dudala iruditzen zait, eta noizbaitzutan, zeuokin batera noala. Han-hemen pagoak ditu aldamenetan bide honek oraindik. Mendien isla ez da ordutik hona asko aldatu. Ez eta zuengandik niganainoko jende nekazari, behargin eta lauaren sentimodurik ere.
Gertakari arruntez mintzo zineten: Giroen gorabeheraz; laboreen egoeraz; ganaduen osasun eta osagarriz, ezagun jendearen sasoi onez ala-ta gaisoz: norbaiten heriotzaz; urlia eta sandiaren arteko adiskidetasunez ala haserrez; auskalo zein parajetan gertatu edo omen denez; halako neskamutilen ez dakit noizko ibilera lotsa gutxikoz; berendiaren erbesteratzeaz eta abar.
Bidea luzea bait zen eta erromerian bait zentozten, bazen errosariorik errezatzen zuenik ere. Alboka-jotzaileak oraindik oraintsu arte iraun dute agian zuen parajeetako hauzo bazterretan ere. Ezagun zenituzten bide inguruetako iturriak, bazenituzten apatxaldiak egiteko zelaiune jakinak. Zeuok bezala ikusten ditut mendiotako hainbat eta hainbat harrobitan harearri-harkaitzak balankaz zulatuz eta harmailuz harrimokorrak landuz diharduten hargin gogorrak. Egurgile eta ikazkin jendea ere, han eta haruntzago, hor ari da; haizkolotsak salatzen ditu eta bababeltz eta txondorrak egosten ari dituen suaren keak. Zeuok bezala ikusten ditut Araba aldera nahiz Gipuzkoarantz harrigarriaioan [sic] ari diren itzainak ere. Bada idi-uztarririk inguruotan! Aidaotsak entzuten ditut eta gurdien kirrinka. Gehienek ostera leraz ari dute beren harrilorra eta astoz ikatzgarraioa [sic]. Gebarako jaunaren jende harroa ikustea ere gertatu zaigu, bere zaldi eta mando apainduz. Haiek Oņatirantz zihoazen.
Biurgaineko [I], Artasoko eta Gaillerdiko trikuharriak hondatuxeago daude orain, Andreaitz eta Urbiakoak ere bai. Sekillagako Mugarriaundixa lurrera bota zuten berriz azken gerrakoan [II]. Han datza bere bost metroz gorako luzean, etzanik. Sanadrian, Katabera, Zurkutz eta Sanjuanzarreko bideak ez dute nire akorduan auzolanik ezagutu. Etenak bai. Animaleko basaurde burdinazko eskargak uxartu dituzte mendiok, lehengo galtzada, mandabide, estrata, burpide ta bideziorrak hautsiz, eta mendimalda guztietan, zeharka meharka, urratu zabalak irekiz, idirik eta tirakaliririk gabe, beren baitako indarrez ibiltzen diren itzelezko gurditzar mortal, urrumatsu eta azkarrentzat.
Harriurdineko Amabirjinaren jarlekuan eseri naiz piskatean eta Arantzazurantz abiatu naiz Goiherri aldeari begiratu bat eman ondoren. Biozkornako meazuloetan ziharduten gizonak ere ikusi eta agurtu ditut. Gizajoak ez dute hoiek ere, harkaitz arteko txabola baju eta hestu horietan Otzaurte aldeko ikazkinak eta Gaboņomendi aldamenetako harginak beren txosnetan baino erosotasun handiagorik izango.
Amabirjinaren iturrian ura edan dugu. Ur hau beti egoten da hotza. Mailatik beherantzean Anboto eta Udalaitz ikusi ditugu eta Gorgomendi. Inork aipatu gabe ere Anbotoko Seņorarenak burutaratu zaizkigu, handik Gorgomendira bait daki aldatzen, ekaitz eta harrizaparradak sortuz. Santa Maria, gaitzezkoengandik libra gaitzazu, amen, esan dugu geurekiko.
Mendibideotan barrena, gaurko jendeak ahaztu edo ikasi ez duen noizbaiteko zuen ibilaldigiroa berbiztuz, oi zenbat gozatu ohi naizen, alferriko sentimenduz eta maitasunez bada ere!

1980ko ekaina

Gaia 1: Arantzazu
Gaia 2: Biografia
Azpi-gaia: Arantzazu: Erromesak
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa