Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

ZKA^

Hamar kanta hautatu ditut, ez gehiago, hemen azaltzeko. Arantzazun urte betetzeak dirala, afariak edo festak dirala,Gabonak, kurtso hasiera edo bukaera, eta abar dirala, kanta eta bertso asko erabili ohi dugu. Pintoreak eta era askotako musikoak eta dramaturgoak eta kirolariak eta pantomimoak eta saltinbankiak ere badira, erdi-haroko [sic] azoka ederretan bezalaxe, festak alaitzeko. Edozein ganadu-jende.
Hamar-kantaok lagunen arterako eta, hain zuzen, urtebetetzeak ospatzeko eginak dira, bat izan ezik, lehenengoa hai zuzen: Nagusiek Arantzazutik Burgosera bidali zuten fraile bati agurra da lehenengo bertso aldia.
Esplikazioren batzuk eman beharra egongo da, gure lagunartea eta bizigiroa ez bai dut uste kanpoan oso ezagunak diranik.
Arantzazuko seminarioko erretorea Eusebio da. [I] Urruxulako semea makina bat batalla gogor irabatzen diguna. Matematiko eta fisiko trebea, goxo bezain terko daki bere lana aurrera eramaten. Berari zor zaio neurri on batetan gure etxeko giro sano eta lagun artekoa. Urruxulako semea dela esana dagoenez gero, kanta zaharraren alusioak beste esplikaziorik ez du behar.
Arantzazuko irakasleok oso konpetenteak gara, ezaguna danez, nahiz eta ez beti geure eginkizunetan izan konpetenteenak. Baditugu jaten edo edaten doktoratuak, Nobel sari aisa irabaz lezaketenak, baditugu etimologista distiranteak, deskuidatzen bazara koko bat bajutik eransten dizutenak, joga-zaleak, fotin-zaleak, eta edozertarako talentuak. Urte betetzeak onak izaten dira holako birtute sekretuen aipamenerako.
Noizean behin izaten ditugu kanpotarrak ere gure etxean, etxekoak bezalaxe izaten bai [sic] dira guretzat. Liburu bat idazten ari zen batetan, Arantzazun urteak betetzea suertatu zitzaion Txillardegiri. Fraileon artean egin ohi dugun hospakuntza [sic] ritoa egin genion ari ere eta bertsoak berez apartekoak ez izan arren, Txillardegiri eginak direlako, hemen jarri nahi izan ditut, hori ere gure etxe giroaren barruan dator eta.

Gaia 1: Autorea/Obra
Azpi-gaia: Obra: 8 kapituluak
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa