Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

3KO^

Noizbaitzutan —begiak itxita—
belarriz jartzen naiz neure barrurantz. (1)
Ilunbetan gaueko
hotsen zolidurak
inguratzen zaitu.
Orkesta nabarrean
izarrak eta itzalak
behebarruan islatzen
zaizkion putzu
iratzarri edo
kontzientzia zara.
Entzumena duzu
zeugandik kanpo ta
zeugandik barrura
zabalik dagoen begi edo aho
nondinahi ingurakoia.
Zeure barruko uretan
oroitzapena duzu
argitasun grisaska
zeure dimentsioz barrurago ta
itzaleztuago.
Oroitzapen urmael
beremoduko zara
eta ez dakizu
zeure ingurutik zerk
bereizten zaituen
ala ezerk bereizten bazaitu.
Bazara laino gris antzeko zerbait
hedatu
ala ta mila ta mila
gauza eta gertakizunen
baterako islen
zuringozko ispilu
pulunpari halako
denbora bera baino
beste amarik gabe
haren sabel iharduneko
galaxietan barrena.
Ta bazoaz. Garbiki nabari duzu
zeure barruaren abiada
denok bait goaz hemen
direkzio bakar baten
eta paisaiari (2) aurrea hartu diozula
ikusten duzu
inguratzen zaituztenen errainu ta
anguloak
oroitzapenak atzerantz gero ta
atzerago makurtzen dituelako haizeak
gero ta hotzago delako haizea nire
bekokian
gero ta handiago eginez bait zoaz.—

Gaia 1: Bizitza
Gaia 2: Denbora
Azpi-gaia: Bizitza: Esperientzia orok.
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa