AOB^
Zer zor du gizonak ahal duena baino gehiagorik? Zergatik ez da orduan pakerik etortzen norbaitzuen gainera? Edo agian guztiona ote da arrengura hau? Nola ikusten da orduan hainbeste jende ordu izendatuetako lana bukatu ondoren lasai? Zergatik ematen dute lasai daudela lasai ez badaude? Galdera hauek indar gabeak iruditzen zaizkit. Zozokeriak. Artean egin egin behar ditut burua lasaituko bazait, barruak berak eskatzen bai dizkit. Behar bada, zerbait asegabea daukat barruan, behar bada hontarako jaio nintzen edo nire bidea halaxe jardutekoa dut. Baina nahi nukenak belarri luzeak ditu eta arimako azpildura tartetik ikusi egiten dizkiot puntak. (1) Baina zergatik esan behar diot inori, nahi nukeana? Besteak ere nahi hori bera badute esatea besterik ez dute, ni baino gauzago izango dira-ta; eta ez badute, lotsatu egiten naiz esaten.
Batek talentu handi bat izan nahi luke eta kultura zabal bat. Baina pentsatzen jartzen banaiz, neretzako baino inorentzako nahi nukela iruditzen zait, au da, inoren zerbitzurako. Baina orduan ez ote da nahiko talentuok inorentzat nahi izatea? Zergatik dugu inorentzat argi izan nahi hori? Gizona konplikatua dela ikusten dut. Norbere nahia ikusi nahi izan araztea nahi dugun bezala edo halako zerbait ere ikusten dela gure nahi hortan.
Gizon bakoitzak bere problemak izango ditu seguru. Bakoitzak bereak; eta bakoitzak nik bezala nahiko du bere problemen erara, mundua marraztea. Kosta egiten zait nere nahia aitortzea. Behar bada, ez daukat nere nahia aitortzeko esku biderik [sic]. Zer ba? Nik neretzako ez ezik inorentzako ere nere nahia nahi badut, nola nahi nezake inorentzat nahi hori haren baimenik gabe?