Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

AOB^

1. Maite zituzten bizi-lekuak:
Erreka eta hibai-ondoetako zelai belar gozoz jantziak. Zelaiok gehienbat arboladiz, sahats eta haltzez, sasiz, arkasatsez eta anabasaz inguratu eta gordeak ziren. Garai hartan oso garbiak eta gardenak ziren gure hibai eta erreketako urak.
Uharka eta ubidetako harriak ere garbiak eta distiratsuak ziren.
2. Maite zituen giroak:
Gauaro argiak, hilargi [sic] betekoak, hego-haizeak gozatuak, izarrez apainduak.
3. Maite zuten egoera:
Gehienetan uharkako harripotor handi eta garbietan jezarrita egon ohi ziren.
4. Zein itxuratako ziren:
Emakume gazte zirudien [sic], ile hori ta oso luzea zuten, biguna eta disdiratsua. Urrezko orraziz orraztu ohi ziren eta ilargiak argitzen zuen uretan begiratzen zuten beren burua eta irudi ederra. Oinetan hiru behatz zuten bakarrik, ahaten [sic] erara mintzez elkartuak.
Begiak izarren antzeko zituzten, oso gustagarriak. Irriparre zoragarria zuten eta aho eder-ederra, eta ahots eztia, marfilezko haginak.
5. Zer zuten gogoko:
Gizakume lirain, ausart eta galantak. Edari misteriotsu, goxo ta moskorgarriak eskaintzen omen zizkien, eurengana hurbiltzen ziren gizonei.
6. Noiz ohi ziren gorde:
Goizaldeko kanpaiak entzun orduko, bekokiak zimurtutz, uretako jezarlekuak utziz, nonbaiteko gordelekutara alde ohi zuten.
7. Nola itzuli ohi ziren:
Eguzkia sartu eta hilargia agertu orduko han ohi ziren bezperako paraje inguruan ihi artean zehar uretako harritara bidean. Ilegorri, gazte ta irripartsu, hantxe erreka ertzean.
8. Nolako izaera edo aiurria zuten:
Beharrean edo larrialdian aurkitzen zen jendeari beti eta pozik laguntzen zien, beren estualditik ateraz. Baina inork esker txarrez erantzuten baldin bazien orduan halakoz mendekatu egin ohi ziren.
9. Haien mendekuzko gaitzetik nola libratzen zen jendea:
Ebanjelioa jarri ohi zuten eriaren gainean eta ur bedeinkatuz zirtatu ohi zuten gaxoa, eta hala omen ziren sendatzen.
10. Lamiak oso argiak ziren:
Beste inork ez zekien artean, ogi zuria nola egin bazekiten. Jostun azkarrak ziren eta urrezko orratzez egindako mihize fin eta zoragarriak ehotzen omen zituzten eta urrezko eta zillarrezko [sic] ontziteriaren jabe ere ba omen ziren.
11. Lamien beste zenbait dohain:
Ederrak zirenez erakarkorrak ziren, uraren izpiritu halako, uraren irudi pertsonifikatu, uraren ahalmenen sinbolu.
12. Lamien berarizko beste zertzelada bat:
Hitz gutxiko ziren. Esaera zahar antzekoz mintzatzen ziren: errefrau bezalakoz beti, kantariak ostera oso kantari ziren, liluragarri zuten kantatzen, kantutan ziotena berriz, inork ez zien ulertzen. Liho eta goru kantak omen ziren gehienetan. Ikusgura handikoak eta maiteberak omen ziren. Ez zien inori gaitzik egiten euren ondasunen lapur zirenei baizik. Lamiei inoiz errekan ahaztutako urrezko orraziz orrazten zen emakumea, burusoil geratu ohi zen bere bizi guztirako.
Lamien maitasunari erantzun txarrik damaion gizona, hil egin ohi da gaitz misteriotsuz. Lamien maitasunari ongi erantzunez haiekin ezkondu ohi denak, ez die galdetu behar bere izenik, jatorririk eta ordurarte non bizi izan denik, bestela alde egiten dute eta ez dira berriz sekula agertuko gizon haren aurrera. Baina semerik izan badute, hari laguntzen bai saiatuko direla.
Lamiaren eta gizonaren arteko umeak ez dute amatara irtetzen, baina ederrak izan ohi dira eta aberatsak. Lamiak ez dira ez on ez gaizto, ura bezalakoak dira: eder, gozo eta zerbigarri; baina ura ere izan daiteke kaltegarri, harenganako behar zaion begirunerik ez diogunean. Sorginak eta lamiak ez dute elkarren artean zerikusirik: sorginak gaiztoak dira gehienbat. Antz gehiago dute lamiak eta sirenak. Baina sirenak itsasoko pertsonaia dira: gerriz behera arrain, gerriz gora emakume. Lamiak hibaietako eta erreketako izaki dira.
Konjuroz eta uxatu zituzten lamiak gure hibai eta errekondotatik.

Gaia 1: EHerria
Azpi-gaia: EHerria: Tradizioa
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa