Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

AOB^

Eguna eguzkiak
egiten du,
Gabona Nazareteko
Jesusek.
Nork ez du Jesus
gizadiaren aldeko
benetako eguzkitzat?
Gizakia baloratzen
digu irakatsi Jesusek:
Larunbataren gainetik
dago gizakia,
esan digu Jesusek,
legeen gainetik,
ondasunen gainetik,
interesen gainetik,
erlijioen gainetik,
dago gizakia,
esan digu Jesusek,
eta gizakiaren
alde esan eta egin duenak
merezi izan dio
gurutzea Jesusi.

Belendik gurutzera
doa Jesus argituz
gizakiaren profila,
gizakiaren duintasuna
argitaratuz doa
Jesus Belendik
gurutzera;
Belendik gurutzera
irakatsi digu Jesusek
gizakia estimagarri dela,
gizakiaren alde
bere bizitza bera
osoan jokatuz.
Maitagarri agertu da
gizakiaren alde Jesus
Belendik gurutzera.
Bedeinkagarri da
haren Jaiotza,
berak baitigu argitu
gizakion tamaina,
balioa ta nondik norakoa.
Gora Jesus Nazaretekoa!

Gaia 1: Jesu Kristo
Gaia 2: Otoitza
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa