ARAN^
Onartu zuen Jesusek
ezteietarako deia.
Han izan zen ezkontide
zorioneko haiekin.
Eraman zituen bere
ikasle batzuk ere
eta ama eraman zuen,
bere ama batez ere.
Ordurako hasia zen
herririk herri zabaltzen
erreinuko berri ona
eta bazuen osperik.
Hala ere, han joan zen
jende korriente alai
haien eztei-jaietara
ta haien poza oso pozik
beretu zuen gustura.
Onenean zegoela
hor non datorkion ama
eta adierazten dion:
Ardoa amaitu dela,
ezteietako jendea
ardo faltan dagoela
eta poza bera amaitu
daitekeela ondorioz.
Ezustean hartu zuen
amak semea. Jesusek
purrustan erantzun zion:
"Andre, oraindio ez da
iritsi nire ordua".
Baina berehalakoan
etorriz bere onera,
morroiei agindu zien:
"Bete harrontziok urez!"
Eta haiek ontziak bete
zituztenerako, Harek:
"Atera eta eraman!"
Dastatu zuen mahaizainak
eta senar berriari
deiturik, eraso zion:
"Ardo ona denek dute
ateratzen hasieran
eta jendea edanda
dagoenean, eskasa.
Zuk ordea, orainarte
gorde duzu ardo ona"-
Felisa eta Anjelen
urrezko ezteiak hemen [ezteien jaia]
ari gara gaur ospatzen,
jaiaren une hauetan
mezaren marko santuan.
Berrogeita hamar urte
ezkondu zirela, gazte,
elkarri eskainiz dena,
bizitzako abentura
elkarrekin bizitzeko:
familia sortu, eutsi
ekonomiaren kaskak,
gainditu bizibideko
zailtasunak eta koskak,
elkarrekin beti, ordu
argi nahiz itzaltsuetan,
batera poza gozatuz,
batera eginez negar,
berrogeita hamar urte
maitasunaren ardoa
urtetako prozesuak
bikain egin duen arte.
Bizitza berak luzaro
eta ongi probatu du
Felisak eta Anjelek
gaur elkarrentzako duten
maitasun jator, zintzoa.
Urre zaharrak ospea du
eta ardo zaharrak klasea.
Urteetako maitasunak
elkar ulertzea dauka,
elkar eramate ona,
elkarren begirunea,
zerbitzu-egilea da,
eramankorra, gozoa,
urre eta ardo zaharren
ospea eta klasea
goitik gainditzen duena.
Onartu zuen Jesusek
ezteietarako deia.
Han izan zen ezkontide
zorioneko haiekin.
Han egin zuen lehenengo
mirari bitxia ere,
ura ardo bilakatuz.
Bertan zuen bedeinkatu
ezkonduen maitasuna
eta ezteietako poza.
Gaur hemen da Jesus bera,
ura ardotu zuena,
berri ona aldarrikatu
eta on asko eginez
munduan ibili zena,
maitasuna oihukatu
zuelako hil zutena,
baina Jainkoaren nahiez
betirako bizi dena.
Felisa eta Anjel, Jesus
Kanakoak onartu du
gaur hontako zuen deia
urrezko ezteietara;
bedeinkatu du elkarri
diozuen maitasuna
ta egin du miraria
ura ardo bilakatuz:
bizitzako hainbat neke,
ahalegin ta larriune,
alferrik izan ez diren
segurtasun zaporetsu
eta gozo bilakatuz.
Ederra da ikustea
urrezko ezteietara
iritsi den maitasuna.
Ederra da urtez urte
hazi eta umotu den
maitasuna ospatzea.
Ederra da fededunon
ikuspegitik bizitza,
bizitza berberak argi
erakusten digunaren
oroigarrien argitan.
Jesusen ondoan haren
ama ere han izan zen
kanako eztei haietan.
Arantzazuko hauetan
Jesusen ondoan hemen,
ondo gertu, haren ama,
ama guztiak bezala,
adi, gure mahaian
ardorik falta ez dadin.
Ez gaitzala inoiz utzi
gure premiak Jaunari,
sortzen diren bezain laster,
ager dezaizkion. Amen.