AOB^
Gandiaga maitea: Zure galderek eta esan didazun guztiak, biziki ukitu naute. Ez dakizu asko nola nabari dudan denboraren ihesia. Ezin geratuzko odol-hustutzearen larri zurbila senti arazten dit. Idazteko ezinbestekoa dudan denbora zirristan galtzen ari naiz negargarriro. Izan ere Seminarioko eginbeharra amaitu nuenetik hiru kurtso igaroak dira iada [I]. Eta emagun [sic] lehenengoa Seminario-etxea zaintze bidean eman nuela eta hurrengoa, komentuko bizimodura ohitzen, baina eta hirugarrena? Egia da asteko egun bakoitza eginkizun zehatzez ongi hornitua dudana, baina idazteko ordurik ez da ageri nire asterik asterako egitarau hain zehatzean. Bestalde, ezin dut esan idako* urteotan lotan eduki dudanik idazteko gogoa. Ezta gutxiagorik ere. Hemen erabili dut barruan zehar jirabueltaka, barruan egoteko baino kanpora irtetzeko [sic] irrika handiagoz. Hala ere barruan eutsi diot. Begira, Gandi, bakoitzak daki bere gabezien berri. Seminarioko bizimodua aberatsa zen, joria, alde askotatik. Laguntalde gutxi-asko homogeneoa ginen. Bakoitzak goitik bete nahi zituen bere eginenak eta hala pozten genuen elkar ahalik eta gogatsuen eta ongien aritzera eta horrek guztioi zegigun mesede; baina hori Seminarioko gaiei, egitamuei eta helburuei zegokien hesparruan. Irakaskuntzari lotuak geunden eta gure ardura lehenengoa mutikoen eskolatze eta hezitzeari mugatua zegoen. Pastoraltzan, apostoladutzan gutxiago trebatu ginela, esan nahi dut. Komentura jeitsi ginenean ordea besterik zen hango giroa. Adin oso desberdinetako jendea aurkitu genuen. Hogei urte zaharragoak genituen asko eta hogei urte gazteagoak batzuk. Helburuen aldetik ere gureez bestelakoak bizi zituzten komentuan. Talde oso konplejua eta heterogenua [sic] iruditu zitzaidan komentukoa. Apostoladutzak, ebanjelizatze eginkizunak indar handia zuen. Frantziskotar-erlijioso bizitzak sakontasun eta seriotasun handia ageri zuen. Pertsona arteko elkartasun bizitzak ez zirudien hain erraza, baina mila ahaleginen poderioz seguru asko, bakartasun handiagorik ez zen nabari. 56 norbanakok osatua izateko, giroa ez zen batere latza, ez zurruna, onarpenezkoa eta armonia onekoa baino. Ur mehe eta argiagoetatik ur lodi eta urdinagoetara igaroa bezala aurkitu nintzen eta ur berrietara girotu beharrean aurkitu nuen burua. Teologiari sendo heltzea erabaki nuen, frantziskotar bizimoduan murgilagotzea Erreglaren eta Konstituzioen berrirakurketa baten bidez eta elkarbizitzako engranajean leku bat aurkitzea eta betetzea. Hortan bota ditut orain arteko egunak bi-hiru urte hauetan. Ez dakit taiuzko ezer asko ikasi dudanik idako urteotan. Baina horixe nahi nuen: zertxobait geitxoago ikastea, zer-eman zerbait pilatzea eta idazle bezala gauzagotzea. Sarri pentsatu dut bai kuartilako boteilan litro bat sartzen aritzea alperrikoa dela ere, eta ezinezko kontzeptu berri eta handiak irentsi beharrez saiatu baino hobe dudala dakidantxoz ihardutea apalik eta xalorik.