Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

AOB^

— Eta egon nagoen bitartean
denbora pasatuz doa
— eta atsedena hartzen dudan bitartean
denbora pasatuz doa
— eta lo nagoen bitartean
denbora pasatuz doa
— eta lanen bat nola egin
pentsatzen diardudan [sic] bitartean
denbora jasatuz doa
— eta denbora pasatuz doa
lanean ari naizen bitartean
— eta beti doa denbora pasatuz
—ura ibaian bezala—
pasatuz doa denbora
jaten dudan bitartean,
edaten dudan bitartean
beti doa pasatuz denbora
nahiz zer idatzi pentsatzen
dudan bitartean,
nahiz nola idatzi
asmatzen ari naizen bitartean,
denbora pasatuz doa,
denbora kenduz eta kenduz
nire denbora harilari,
geratu gabe iluntzen doan eguna bezala,
beti doa amaituz denbora.

Eta geure azkena ikusten dugu
gero eta hurbilago. Ez dugu
argiago ikusten gure azkena, gero
eta hurbilago ikusten dugun arren.
Nola behar dugu geure azkena
gero eta argiago ikusi
gero eta hurbilago ikusten dugun
arren, gure azkena hain argi
gutxikoa bada edo hain iluna?
Baina gero eta hurbilago bai
ikusten dugu, laster jaustekoa
den gau handia bezala,
ez ilargi ez izar datorren gaua bezala.

Gaia 1: Denbora
Gaia 2: Bizitza
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa