Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

AOB^

Behar egiten ikasi zenduen,
izeko Erramona, [I]
arduratsu izaten
ikasi zenduen.
Bizitzari aurpegi argiz begiratzen
ikasi zenduen.
Pozgarrietan pozten ikasi zenduen
zoritxarretan konformidade handiko izaten.
Edozein nahigaberen aurrean
zeure onetik nekez urtengo zenduen.
Eginkizunetan zintzo,
izate guztian zindo,
apal, alai, gozo.
Ez daukazu zergatik lotsatu
zeure sasoian ontzat erizten zana
ontzat irakatsi, eta ontzat bete erazi zenduelako.
Ez daukazu zertan lotsatu
zeure kontzientziari zintzo zatxakozalako
zeure jator izan nahiaren ahalegin ondoren
eder baino ez da
zure ehun urteko jokabide hori.
Agurtzen zaitut, izeko,
etxeko andre arduratsu
izan zarealako
aurpegi alaiko izan zarealako
konformidade handiko izan zarealako
zintzo ta jator izan zarealako.
Eta bidetzat zeu hartuta,
zugan agurtzen ditut
isiltasunean eta ezkutuan
euren iritzi onari jarraituz
gure etxeetan ahalegintzen diren
hainbat eta hainbat exeko andra
euren merezimendu ederren neurrian
sobra be gitxiegitan,
eskertzen ez [sic] ditugunak. (1)
Zeugan, izeko, nahi ditut goratu, haintzat hartu
eta eskertu gure etxeko andrak.

Gaia 1: Laguna
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa