Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

XEG^

1. - Pintatzean zer da nahi duzuna? [I]

— Lehen momentuan barruko zentzazioak, sentimentuak, ideia, edo irudipenak atera, adierazi.

2. - Eta hori lortzeko zein prozesu jarraitzen duzu?

— Ahalbidean, posibilitateen azterketa txiki bat egin; kuadroaren erritmoa aurkitu eta figura bere espazioan jarri. Hiru mobimentu horiek batera eta batean gertatzen dira. Orduan berehala dator desafioa: bide horretan sartu eta bide gogor eta estu horretan aurrera egin. Bide horretan burrukatu behar da erritmoaz, espazioaz eta irudiaz eta hor hasi da kuadro-lana. Hiru momentu horiekin batera neu sartzen naiz gainera. Lehen momentuan espazioa libre dago eta dena da posible, baina gero han jarri nahi duzunak bere nortasuna hartzen du eta orduan ezin duzu egin nahi duzunik eta elkarrizketa egin behar duzu kuadroarekin.

3. - Zein mundu-ikuskera eskaini nahi diozu zure kuadroaren ikusleari?

— Ez dut adierazi nahi ezer espreski diskurtso logiko bezala. Nere zentzazioa nahi dut adierazi; baina kuadroa bukatu eta gero, posible da mundu bat, pentsamentu bat edo filosofia bat aurkitzea. Nik uste dut kuadroak bere pertsonalitatea duela eta, hala, egin ditudan kuadro guztiak eta bakoitzak. Orduan haiek ageri dute nire gizonarekiko ikuspegia, errealitatearekiko eritzia eta historiako momentu konkretu bakoitzarekiko ikuspuntua.

4. - Zein maisutsuren eragina du zure pintura

— Pistak eman dizkidatenak Picasso, Oteiza, Luzio Muñoz dira. Goya ere bai, bere dramatismo eta temagatik. Autore batzuk erakartzen zaituzte beren gai eta temak direla-ta; beste batzuk estiloagatik, koloreagatik, konposizioagatik: Chagallek eta Picassok bezala; baina espreski ez dut maisu konkretu baten eraginik.
Hala ere Luzio Muñozek materiarekiko bibentziara, bizipenera eraman ninduen. Bizipen hori gero Tapies-ekin, Millares-ekin-eta zabalduago egin zitzaidan. Picassorengan dibujoaren eta formen libertatea ikasi nuen. Oteizarekin hartueman handiago eta luzeagoa izan nuen: euskaldun-izatearenganako ikusbidea eta maitasuna, gauzekiko ikuskera kosmikoa, gizonaz eta espazioaz hitzegiteko modua sakondu nituen harekin. Hura ezagutu dugun guztiok harengandik jaso izan duguna. Eta Chahagallengandik, kolorea.
Urteen joan-etorrian, gai edo motibo diferenteak ukitzen dira. Gaur gai edo temen artean familiako errealitateak erakartzen nau, orain batez ere. Interesantea da nola sentitzen dudan errealitate hori. Nabarmentzekoa da alabak zer leku duen guraso bion tartean eta alabaren inguruan gu biok dugun zerikusia.

5. - Zuk zeure kuadroetan berez pintura ez diren elementuak ere erabiltzen dituzu.

— Bai, berez pintura ez diren elementuak, altzari zahar zatiak, trapuak, jantziak eta abar erabiltzen ditut, baina batez ere trapuak. Ia lotsa ematen dit kontatzeak, kasualegia delako eta horregatik: Arte-lantegian eskuak lehortzeko toalla bat genuen, zaharra eta zikina, baina zikina-ta izatez gainera, beste zerbait zen. Beno, orduan begiratu egiten nion: zuria, urdin-marroia, erdi-zuria. Jarri genuen lehortzen eta erre ere egin zitzaion zati bat. Orduan, momentu hortan entzun nuen Mons. Romeroren asesinatua eta indar handiz heldu zitzaidan eta notizia horren inguruan zerbait egiteko gogoa piztu zitzaidan; baina ez nuen eskuartean ez lientzorik ez ezer. Orduan hartu nuen toalla eta landu egin nuen kartoi baten gainean lotuz eta gertatu zitzaidana estrainatzea, harritzea izan zen, zerbait aurkitu bait nuen: tela elementu espresatzaile bilakatu zitzaidan edo aurkitu nuen. Orduan trapu bila hasi nintzen eta zenbait lan txiki egin nuen Romeroren asesinatua zela-eta. Orduan, meza ematen ari zela hil bait zuten, kasullaz eta mezetako jantziez obra bat egitea otu zitzaidan eta era hortan hasten dira agertzen erlijioso tipoko telak kuadroetan. Ordurako Tapies-ek eginak zituen horrelakoak, baina ni ohartu gabe nengoen. Gero esperientzia hori leku askotan agertzen dut: leiho-marku, ate, jarleku eta beste zenbait materialeren erabileran. Era hontan lan egitean, uste dut errespetatu egiten dudala materiala, baina berarekin jolasten eta jokatzen dut, duindu nahiz txatar bihurtu duguna.

6. - Kuadroetako zenbait figurari nola deitu genezaioke? Sinboloak, behar bada? Gizonak buruz behera, airean, airez-aire, hauek zertara datoz?

— Figura-sinboloak, imajina-sinboloak, bi bidetatik heldu zaizkit. Bata, Chagallengandik. Gizon hegalarien sinboloa darabil hark, bere andrearen gorputza, animalien nahasketa. Atenporalitateaz mintzazeko forma eder bat bezala irakurri nuen nik Chagallen baliabide hori, historiaz kanpo dagoenaz, posibleaz, toki misteriotsu batetatik datorrenaz, ametsetakoz eta batez ere elijio-bizipenetik datorkidanaz mintzatzeko baliabide bezala. Beste iturria Ikaro da. Ikaroren mitoa: gizonak hegaz egiteaz dagi amets, ezinaren legeak hautsiz; eta hortik geratu zaizkit buruz beherako figurak. Uste dudanez, zera nahi dut esan: mundu eta bizitza beste era bateko begiradaz nola behar dugun begiratu edo begiratzen ikasi. Japoniarrek Fugiyama mendia —beren mendi sakratua— ankartetik eta atzeruzka begiratzen dute. Atzekoz aurrera dakusaguna hori egia da. Irreala erreal gertatzen da.

Gaia 1: Laguna
Gaia 2: Artea
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa