Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

AOB^

Bazen behin gizon-ttiki handi bat: [I]
adimena eta sentiberatasuna berebizikoak zituen,
eta mundua bete zientzia
ikasi zuen.
Ataunen zen jaio gizon-ttiki handia.
Jakin-minez egina zegoen.
Jainkoari buruzkotan eskolatu zen,
izadiari eta gizadiari buruzkotan.
Apaizaren karrera egin zuen, eta izan ere jatorra izan zen apaiza.
Arkeologian eta Etnologian-eta nabarmendu zen
eta jakingarria den guztiaz zebilen beti
interesatua.
Ikasketa nagusienak atzerrietan egin arren,
bere Herrian errotua bizi izan zen
eta bere herrikoz aritu;
bere Herriaren estudioak zuen unibertsaldu.
Lanean-lanean "Materiales" deitu
balio handiko eta esanahi gogoetagarriko
ipuin, ohitura, sineskeria, historio,
legenda, antzinako tradizio, mito-
uzta izugarria bildu zuen handik eta hemendik.
Hainbat harpe, trikuarri, tumulu,
harrespiletako gure historia-aurrea ezagutu eta biziberritu zuen,
eta gure hizkuntzaz, gure gizarteaz, gure folkloreaz
beste inor ez adina maisutu zen gizon-ttiki argia.

Bazen bada behin gizon-ttiki argi bat
adimena eta sentiberatasuna berebizikoak zituena,
eta mundu bete zeintzia
ikasi;
Ataunen jaioa zena,
jakin-minez egina zegoena,
Jainkoari buruzkotan eskolatu zena,
izadiari eta gizadiari buruzkoak arakatu zituena,
urteak eta urteak iker-lanetan eman zituena,
bere denboran ikusi aldaketa sekulakoen aurrean
lehengoa bezain ona badela
orainaldiko errealitate hau
esan zuena,
ipuinen garaiko nekazal munduari darion
poesi giroan bizitzeko dugun eskubidea
defenditu zuena,
ospe handiko aldizkari eta publikazio espezialduetarako
ehundaka apunte eta artikulu idatzi zuena,
liburu sorta ederraren egile zena
eta nazio askotako jakitun-elkarte anitzek lankide nahi zuena.
Amen.

Zelako gizon-ttiki mitikoa, apaiza zen.
Goiz jaiki, berandu arte lan egin eta gutxi jaten zuen,
bere aitorlekua zuen elizan,
egunero meza eman eta orduen liturgiari ekiten zion,
hilero otoitz eta gogarte-egun berezi bat ospatzen zuen,
arratsaldero errosarioa errezatzen zuen, eta ondoren
antzinako eliz-bertsoak kantatzen zituen;
egian eta apaltasunean bizi zen eta paperetan
"Barandiaran'go Joxemiel" sinatzen zuen.

Hainbat ipuin miragarri bildu duen Barandiaran hau
bera da niretzat miragarrizko ipuina.

Bazen behin gizon bat izen handikoa,
jendeak maiteki miresten zuena;
bazen behin gizon bat izan [sic] handikoa,
zahartzaroan fruitu helduz abaildua.
Bazen eta bada, beharrik bizi da
gure Joxemiel xume et argia,
Euskalerriaren muin poetikoa
erne jaso duen apaiz mistikoa.

Bazen behin Ataun bat, bere seme kutun eta ospetsuena
ahal zuen guztian goresten zuena.
Zorionekoa halako herria.
Zorionekoa bere sorterria
kantuz ari zaion gizon ugaria.

Gaia 1: Laguna
Gaia 2: Barandiaran
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa