Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

AOB^

Zeure aurrean jarri naiz
ta hemen naukazu
neure egunei begira.
Bidea dut ikusten
egunez egun jarraitu dudan bidea.
Itxura baten
egina zegoen bidez
ibili naiz
etxetik elizarako
eskolarako
ikastetxerako bidez.
Inguruko neska mutikoak
ezagutu nituen
ta hoietako batzu
lagun egin.
Etxe ingurua lehenengo
herri ingurua ondoren
gero ta lurralde zabalagoa ezagutuz
etorri naiz.
Ahaztu ere egin dut zenbait gauza.
Badut umetatik hasita
ahaztutzen ez zaidan gertaera ondo
gozorik
bai eta mikatzik ere.
Itxura baten
guztiak bezalako
bidaldia izan dut
baina nik badakit
bidez honuntzakoan
karrilea [sic] ez ezik
nola ihardun ere
neuk aukeratu dudala.
Zergatik? Zerk ote nau
hortara eragin,
Zerk hortan lagundu?
Une honetan berton
zergatik ote dut
zeure aurrea neure
gogapen hontarako aukeratu?
Eta hauxe da egia:
Zeure aurrean nahi dietala
neure egunei begiratu
eta neure aukerapenaren barruan
zure eragin edo
erakarmenaren
indar ezkutua
aitortu eta eskertu (1)

Gaia 1: Otoitza
Gaia 2: Biografia
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa