Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

AOB^

Sustraiaren lana
ez da ikusgarri,
ez da eder ere.
Hala ere bere
lanean behar du
aritu sustraiak,
landareak argi
agertuko badu
bere edertasuna.

Sustraiaren lana
sapa* biltzeaz gain,
bada zuhaitzari
ohartzea ere
zein den zuzen bere
zoluko lurraren
nolakotasuna.

Sustraiaren lana
gertatu zait niri,
ez landareari
nahiko lukeen pozik
emateko; baizik
lehenik neuri samin
handia demaidan
berri mingarria
jakin erazteko.

Begira —diotsat
hor bistan duzuen
nire zatiari—:
begira, harkaitza
aurkitzen dut hemen
baita ere beste
arbolen sustraiak
behar dugun sapa
berberaren bila.
Ezin gara beraz
olgetan ibili. (1)
Larria da guztiz
bizi dugun kenka;
geure egoeraz
konturatzea da
arazo behinena;
gero, aukerarik
galtzen utzi gabe
ahal den bide oroz
bizi ezik lasa [sic]
iraun ahal dezagun
bidezko, legezko
eta nahitaezko
neurria hartu ta
neurri horietan
irme saiatzea.

Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa