Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

AOB (makinazkoa)^

Kantatuko nukela ta
kantatuko nukela;
aldi luzea daramat
nukelaka naizela;
gogoa zitala badut,
beldurra dut itzela;
hemen naiz doinuak baino
hitzek lotzen nautela.

Jaungoikoa hil zen baldin
galdetzen ez badigu:
"non duzu zeure anaia,
nolatan dabilkigu?" (1)
Jainko Zaharraren galdera
hau zela badakigu,
orain isilik badago,
Harenak egin du.

Ikaragarri jo bide
gaitu gogorkeriak
belarriak gortaraziz,
itsu jarriz begiak;
nork ditu aiumak aitzen,
nork ikusten eriak?
Minaren aztarnak berriz
hain daude ageriak!

Kainek, bera ez zela
anaiaren zaintzaile;
erantzunean askotxo
gaitu hark jarraitzaile:
Nor ez gara gutxi asko
ondoezen sortzaile,
norbaiten malkoen edo
Abelen zauritzaile?

Apainduria gabeko
bertsoz arituko naiz
nire aurretik esnatu
zirenei jarraitu nahiz.
Izango dut nork gaitzetsi
ta nork astindu jorraiz,
oihartzun txar banaiz ere
ez dut aldatuko gaiz.

Beharrezko zait txiroen
dehadarrei lotzea [dehadarra gehitzea], (2)
ahal dudan neurrian haien
laguntzan aritzea.
Gehiengo nabarmena da,
zaila du bizitzea,
nahitaezko du behingoan
kenka egokitzea.

Ogi bihurtu zen Kristo
giza-jendearentzat,
eskuzabal gintezela
eman zigun legetzat;
hurkoaz ari duguna
hartzen bait du Beretzat,
kontu inorenik gorde
inolatan geuretzat .

Jainko Zaharraren galdera
dago azkenean hor,
anaiekiko kontua
eskatzen du txit gogor:
inogaz darabilkigun
neurri berberaz dator
frankoenganantz ugari
zikoitzenganatz agor.

Ipuin hau ez nuke gura
era hontan bukatu,
justizia behar diot
munduari aipatu.
Baldin anaien malurak
ez bagaitu kezkatu,
Kainen moduko gara,
jende madarikatu.

Gaia 1: Indarkeria
Gaia 2: Gizartea
Azpi-gaia: Gizartea: Elkartasuna
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa