Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

A2S^

Han zegoen, bi ukalondoak mahaian eta eskuartean burua. Bazuen orain idazteko astirik. Hala ere etzion heltzen aurrean zuen kuartilen gaineko parker boligrafo tinta belzdunari. Gaur ere, beste behin gehiagoz, zuri geratuko zaizkio kuartilak, bestalde egunean baino egunean horitzenago zihoazkion kuartilak. Baina orain bazuen idazteko astirik. Komunitateko fraileek ez zioten ematen zereginik. Eurak bai arituko ziren mila eginkizunetan: Atarian erromesei atenditzen, erredazioan aldizkariak prantatzen, sukaldean janariak goxatzen, aitorlekuan jendeari pakea ematen, hitzaldietarako gaiak jorratzen, biblioteka informatizatzen eta ikerlarientzat egokitzen, liturjiarako abestiak eta otoitzak prestatzen, etxeko kontabilitatea eramaten, itzulpenak egiten, matxurak konpontzen, etxeko zahar eta gaixoei laguntzen, gogojardunak zuzentzen, sastreriako lanetan, arotzeriakoetan, enkuadernaziokoetan, katekista taldeak formatzen eta beste hamaika eginkizunetan, besteak bai arituko ziren goizetik gauera, bakoitza zeregin-modu batetan baino gehiagotan. Berari ordea etzioten komunitateak batera egin ohi zituen egin beharrekoz gainerakorik eskatzen, eta hori berori ere ez gogor. Goizetan musikak adierazten zion jaikitzeko ordua, zazpiak laurden gutxiagotan. Ordu laurden beranduago fraile guztiak ziren biltzen, kapilan neguan eta elizako koruan uda partean, Gorespen-ekintzarako. Esan beharra dago zenbat aldiz aitortzen zuen beste fraileen laguntza salmuen errezitatze duin baterako.

Gaia 1: Arantzazu
Gaia 2: Biografia
Azpi-gaia: Arantzazu: Fraideak
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa