A2S^
Ez da luzerako izango. Beti hasten. Zertarako hasi, esperientziaz badaki egundo ez duela bukatzen hasitakorik? Baina maniak mania dira, eta haren manietako bat hauxe da. Hartu paper zuri bat, goiko goenean gurutze bat egin, [I] eta buruko zerbaiten ondoren idazten hastekoa. Badaki hasi besterik egiten ez duena. Horixe egiten du: bururatu zaiontxoa paperean jartzen hasi eta esankizun hura nola esan pentsatzen jarri, eta perfezionionisten [sic, perfezionisten] hobe beharraren tranpan jausten da eta utzi egiten dio ihardunari, hobe beharrak ez baitu hobetzen hoberako itsaso amaigabea luza besterik. Sarri ikusi du berari aspaldiak direla otutako zenbait bururakizun, inoiz inori gogoratu ez balitzaizkio bezala plazaratzen, plazaratzailearen plazerrez eta plazakoen mirespenez. Berak batari eta besteari adierazitako burutapen eta asmoak inoiz inork arrakastaz eta, bere izena aipatu ere egin gabe, erakustokietan azaltzen ere ikusi du, bere kokiltasuna gorrotatuz eta inbidiaz. Horrek guzti horrek, hain egoki ez bada ere, berak nahiko lukeen apaintasun eta txukuntasunez ez bada ere, bere esankizuntxoak, zirriborro gisa baino ez bada ere, idaztera bultzatu du.