Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

MRN^

Bizitza halamoduzko honetan grina eta atsegin zaizkigun gogo eta gurari batzuen mende ere bizi gara. Nor bere grina eta atseginei emana bizi da [gara]. Grina eta atsegin zaizkigun horiei erakarpen ere dei diezaiekegu, lilura ere bai eta maitasun. Ezkutuko zein ageriko izan ditzakegu grina eta atsegin horiek. Batzutan inor da gure maitasunetako bat gu geuroi agertzen diguna. Gure maitasuna han zen, ezkutuan zegoen gu geuron begientzat [begientzako] ere, baina badator norbait edo gertakari edo esamesen [norbaitzu edo lege] bat gure barruko eta ezkutuko sentimenduak, grinak eta maitasunak era batera edo bestera ukitzera, eta batbatean hartzen dugu aintzakotzat delako ukitu hori saminki asaldaturik edo ustegabeko pozak txunditurik. Euskara da asko eta askorentzat barruenean eta oharkabean maite duten grina eta atsegin horietako bat gure artean. Inkesta eta sondeoei begiratu baldin badiegu euskararekiko onarpen soziala gehituz doa. Umeen izenak ez ezik zakur eta katuen izenak berak ere euskarazkoak dira nagusi. Dendetako iragarkiak eta bideetako errotuluak geroz gehiago ageri dira euskaraz. Hitz batean esateko, euskara ongi onartua da gure gizarte mailan. Gehiengoak ez du nahi geure [bere] barruenean euskara suntsi diezagun erdarak. Baina barruen hori gordeegian dugu askok eta askok. Eta geuk geure barruenean gura dugun horri traizioa egin ohi diogu batere ohartu gabe, [baina] inoiz baino gehiagotan, ezin besteko nagikeriaz. Nork ez du errazegi bihotzez maite dugun euskara uzten, erdaraz egiteko? Eta galdetzen duen hau ez da erdara-kontrako. Hau dioenak erdara ongi maite du, baina bere nortasuna damaion hizkuntza ere maite du, bere nortasun euskalduna maite duenez. Baina bati euskaldun nortasun damaiona euskara da eta ez beste ezer.
Fr. Diego de Estella, 1524-1578, "Libro de la vanidad del mundo" harrigarria idatzi zuenaren [harrigarriaren egilearen] jatorriko armarrian honako inskripzio hau [honako inskripzioa] zegoen: "Garean garean legez", hau da: Gaitezen garen bezalako. Gu, bai hemengo eta bai erbestetik hona etorritako gehienok bat gatoz herri [lurralde] honenganako eta bai euskararenganako maitasunean. Orduan guk geure armarrietan idatzi behar genuke geuretasunari leial izateko erabaki hori, eta euskaldun egiten gaituen [gagizan] euskara noiznahi eta nonahi erabili, nahiz eta pitin bat kosta, nortasuna damaigun hizkuntza horrek prezio altua merezi duelako [damaigun hori prezio altua merezi duena delako].
Zoragarria iruditzen zait "Etorkizuna euskaraz dator" eslogana [I], eta are zoragarriagoa etorkizuna euskaldun daitekeenaren utopia hain gogokoa. Ezingo gara lo egon, etorkizun hori datorkeenean euskara orain artean baino errazago egiteko (1) moduan aurki gaitzan. Entzun? Baina euskara ongi eta erraz egitea ez da inprobisatzen, egunero behar dugu erabili forman euki ahal dezagun.

Gaia 1: Euskara
Azpi-gaia: Euskara: Nortasuna
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa