Bitoriano Gandiaga

Idazlanaren fitxa eta oharrak

Hasiera: Arantzazura badago

Amaiera: behinik behin, salbetarako.

Titulua/Ezkaintza: Arantzazurako galtzada zaharra

Iturri nagusia: ARAN, 788 (1998) 4. or.

Beste iturria(k): EBKS (Erromesbide/Kurtzipizio sorta): -1, -2, -3 eta -4

Idazte-urtea: 1998 (ik. azpian 'Ingurune-Oharrak': ik.)

Argitarapen-urtea: 1998 (ARAN)

Gaia 1: Arantzazu

Azpi-gaia: Arantzazu: bideak

Dokumentu mota: Inpr

Poesia / Prosa: Poesia

Sinadura: Bitoriano Gandiaga

Testu-oharrak:
Olerki hau oso lotua dago "Kurtzipizion, Kristoren" hasten denari, eta haren lehen partetzat ere har daiteke; baina titulu ezberdina du eta orrialde ezberdinean dago Arantzazu aldizkarian; horregatik aparteko olerkitzat hartu dugu beste hura.
Dena dela bi olerkion eratzea aski konplexua izan zen, agitaratutako bien jatorrian dauden eskuzko jatorrizko testuei begiratzen badiegu (ik. artxiboko EBKS ). Paper sorta horretan badira lau, buruan erromatar zenbakia dutenak (I, II, III eta IV). Badirudi, hasieran lau horiek idatzi zituela olerki labur autonomo gisa: Arantzazuko erromes-bidea eta horren “amaieran” aurkitzen zuten Kurtzipizio ermita kantatzen ditu lauetan. Horietatik abiatuta edo, bi poema landu zituen argitaratzeari begira: bat erromes-bidea kantatzen duena, hemengo “Arantzazura badago” eta bestea, ermita eta bertako Santokristoa kantatzen dituena: “Kurtzipizion, Kristoren” hasten dena.
Hemengo hau eratzeko, aurretik bi zati idatzi zituen (ik. EBKS,1), bata bestearen osagarri, eta horiei gaineratu zizkien aurretik idatzitako EBKS-2 (I), EBKS-3 (II) eta EBKS-4 (III), horietako batzuk zerbait aldatuta eta osatuta; dena dela, ez zuen guztiz lortu poemaren hari “logikoa” ematea.
Bigarren poema eratzeko, berriz, hasierako EBKS-5 (IV) eta seguruenik aparte Kurtzipizio ermitari buruz idatzita zeukan olerkia (EBKS-6) bateratu zituen; nabarmena da, bi zatien artean dagoen “etena”: logikoa, metrikoa eta idazkerazkoa.

(1) Lerro honen, aurrekoaren eta ondorengoaren puntuazioa honetara dago eskuizkribuan: zaldunak, ibilitako / bide bera; aspaldiko / harbidea, hamaikatxo... Badirudi egokiagoa dela eskuizkribuko puntuazioa.
(2) Lerro hau eta ondorengo biak honetara daude jatorrizko eskuizkribuan, bi lerrotan: “etorri da hor gorako / aldapadaz honez gero.”
(3) Jatorrizko eskuizkribuan: “oinarrastoz eginago”.
(4) Atal hau ezberdin samar dago jatorrizko eskuizkribuan (EBS); horregatik osorik doa hemen:
Arantzazurago eta
bidea maldatsuago,
Azkartzagain tontorrera
aldapa pikea dago,
aldapa pikea eta
gero ta gero zailago,
jendea ez da haserre
behin hara irtenez gero.
Azkartzagain, sekulako
begiraleku ederra,
Kurtzegorri ere bada.
Izen hori burdinazko
gurutzetxo behinolako
batengandik datorkio.
Begiraleku ederra
Azkartzagain eta are
gain alde ederragoa;
aldapak amaitu dira,
aurrera dena da laua,
zelaitxo biren erditik,
harbidea, neke gabe,
Kurtzipiziora doa.

(5) Atal honetan jatorrizko eskuizkribukoa oinarritzat hartuz, garatu eta zabaldu egin zuen argitaratzean. Hona jatorrizko testua:
Goitik zetorren bidea,
Bide horren bazterrean,
Arantzazuko Amaren
elizaren gainkaldean,
badago ermita xahar bat
erdi atzendu antzean.
Aspaldiko ermita da,
Kurtzipizio deritzo,
baita ere Santo Kristo.

(6) Lerro hau eta ondorengo hirurak ez daude jatorrizko eskuizkribuan.
(7) Jatorrizko eskuizkribuan: “harbidean pausoz pauso”

Ingurune-oharrak:
ik.: Testu hau lehenago beste inon argitaragabea denez, eta jatorrizko iturririk ez dugunez, uste izatekoa da, urte berean idatzia dela. Horregatik eman diogu idazte-urte hori.
[I] Arrikrutz: Arantzazuko auzunea.
[II] Gesaltza: Arantzazuko beste auzune bat (hiru etxebizitza).
[III] Zapiarbe: Arantzazu auzoko baserria, Zelaizabal ostatuaren azpialdean.
[IV] Azkartza: Arantzazuko garai bateko seminarioa eta oraingo Gandiaga Topagunea dagoen gainaldea, Zelaizabal aldera. Gandiaga Topagunearen atzealdetik igarotzen zen garai bateko erromesen bidea. Bertako iparraldeko gaintxoa: Kurtzegorri.
[V] Kurtzipizio (edo Santo Kristo): Erromesen bideko ermita, Arantzazuko santutegiaren gainaldean dagoena.
[VI] Arantzazuko benta: Oraingo Goikobenta ostatua.
[VII] Arantzazuko balada edo kanta zaharretako bat gogoratzen du hemen.
[VIII] Tradizioaren arabera, Arantzazuko Santo Kristok garatxoak sendatzen omen zituen.

Julen Urkizak ez zuen jaso olerki honen erreferentzia bere EBOB liburuan.

Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa