Bitoriano Gandiaga

Idazlanaren fitxa eta oharrak

Hasiera: Eskurtsioan eta

Amaiera: bizi-poz hatsa.

Iturri nagusia: OAR, III. Gorputza-E, 28. or.

Beste iturria(k): OAR, III. Gorputza-M, 27. or. + AOB: 1 + L2G, 48 + L4G, 11

Idazte-urtea: 1980-07-04 (L4G)

Gaia 1: Bizitza

Gaia 2: EHerria

Azpi-gaia: Bizitza: Esperientzia perts.

Dokumentu mota: Esk + Dakt

Poesia / Prosa: Bertsoak

Testu-oharrak:
Bost kopia ezberdinetan iritsi zaizkigu bertso hauek. Zaharrena L4G-koa da seguruenik; hori eta AOB-ko makinazkoa berdinak dira; baina bigarren honen gain eskuz egindako hainbat aldaketa, gero beste hiru kopiotan ageri zaigu: OAR-ko eskuzkoan eta makinazkoan eta L2G-n (makinaz). Hiru kopiotako testua berdina da. AOB-ko makinazko jatorrizkoa –L4G-koa bera–, berriz, oso ezberdina da; horregatik hemen azpian eman dugu hori osorik.
Eskurtsioan eta
ijiji, ajajai,
holakorik ez dela
gertatzen noiznahi.
Uda ere bada-ta
giroak portau nahi,
paisaia dena duzu
euforia ta jai:
baserriak alai,
herriak ere bai,
gauzak argitan blai
onik eta lasai,
oi zein txango ederra
Bizkairik Bizkai!

Lemoiz dugu baina
kezka eta hozpel,
han gerta bai gaitezke
kolpean horbel.
Batzuentzat zuhurra da
, bestentzako ergel,
askok han urtu ditu
talentu ta sakel.
Interesen Babel?
Herioren koartel?
Kain eta ez Abel?
Ehun galdera zinbel.
Ez dago zertan izan
juzgutan krudel.

Goraipatu nahi nuke
Gorlizko hondartza,
hare garbia eta
giro aratza.
Kresal usain sendoa,
dirdir eguratsa,
inguruko grazia
gozatuz jendetza;
bistara gorputza,
hemen dabil mahatsa
neska ta neskatxa
urak badu gatza,
begiak gozatzeko
a zer baratza!

Ingurune-oharrak:
[I] Autoreak berak (OAR, 22. or.) esaten duenez, Arantzazuko irakasleek bilerak egin zituzten Foruan; tartean egunen bat hartu zuten Lemoiz eta Gorliz aldetik txangoa egiteko.

Iruzkina:
“Kurtso bukaeran irakasleok geure bilerak egin ohi ditugu geure arazo pedagojikoak aztertzeko. Bi-hiru egun ematen ditugu hortan hainbat Seminariotako irakaslek. Gero eskurtsioak, kanpinaldiak-eta ere egin ohi ditugu.” (Bitoriano Gandiaga, OAR, 22. or.).

Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa