Bitoriano Gandiaga

Idazlanaren fitxa eta oharrak

Hasiera: Haizkora kolpez moztu

Amaiera: ageri zara Maria.

Titulua/Ezkaintza: Odol soinekoz jantzia. [Aizkirriko Mariari]

Iturri nagusia: MAIZ: 1

Beste iturria(k): MAIZ: 1 (musikatua)

Idazte-urtea: 1988-05 (MAIZ, makinazkoa)

Gaia 1: Laguna

Dokumentu mota: Esk + Dakt

Poesia / Prosa: Poesia

Musikatzailea: Pello Zabala

Testu-oharrak:
Bertso hauen makinazko kopiaz gain, bi bertsio edo dauzkagu eskuz idatziak: (A) lehen zirriborroa, (B) bigarren zirriborroa, eta (C) testu garbikoa. Makinazko testua eta (C) bertsiokoa berdinak dira funtsean.

Badirudi honako prozesu hau eraman zuela autoreak olerki hau lantzean: (A) bertsioa lantzen aurreko "Haizkora batez moztu" hasten den olerkitik abiatuz hasi zen nonbait, hura zabalduz eta hango lau lerroko bertsoak seikotara ekarriz. Baina ahalegin hori alde batera utzi, eta beste eskema batekin hasi zen (B) bertsioa lantzen, errepika eta guzti. Azken hori zuzenduz eta zenbait bertsotan aldatuz, (C) bertsioa idatzi zuen garbitan. Hori makinaz kopiatzean aldaketaren bat sartu zuen errepika-bertsoan, beste guztia bere hartan kopiatuz.

Makinazko azkenburuko testua oinarritzat hartuz, eskuzko bertsioetako aldaerak edo testu ezberdinak ohar zenbakituen bidez azaldu ditugu.

(1) Lehen hiru lerro hauek ezberdin samar daude (B) eta (C) testuetan:
"Haizkora batez moztu
nahi izan dute argia;
haizkora zorrotz gaiztoz..." (C bertsioa)
"Haizkora batez moztu
nahi izan dute argia;
haizkora kolpe latzez" (B bertsioa)

(2) Ahapaldi hau jatorriz "Haizkora batez moztu" hasten den olerkiaren (1985) lehen ahapaldia da funtsean:
"Haizkora batez moztu
nahi izan dute argia;
haizkora baten behean
erori zaigu Maria".

Testu honetatik abiatuz edo, bestelako aldaerak bilatu zituen hemengo (A) bertsioan:
"Haizkora batez moztu
nahi izan dute argia;
haizkora baten kolpez
eratsi dute Maria,
krabelin gorri datza
onenean ebakia,
haizkora batez moztu
nahi izan dute argia."

(B) bertsioan honako bertsoa, ondorengoetan ageri ez dena, dago seinalatuta errepikarako:
"Abenduan neguak
behingoz nahi argia;
argiaren alde heldu
martiri santa Luzia;
neguari ez zaio
irten ongi pikardia."

(3) Bertso hau ez dago (A) eta (B) bertsioetan.

(4) Makinazkoan "Odol soinekoz jantzia" titulua darama olerkiak. Errepika ere horrela dago seinalatuta hor, kopiaketa-okerrez seguruenik; zeren eta errepikaren testua hasi, "Haizkora kolpez moztu" hasten baita.

(5) Ahapaldi hau ez dago (A) eta (B) bertsioetan.

(6) Ahapaldi hau honetara zegoen (A) bertsioan:
"Maria Aizkirriko
egunaren oparia
begi-urdin, pertxenta,
txinparta bezain alaia,
haizkoraz zaurtu dute
zure bizipoz jaikia".

(B) bertsioan hori oso aldatu egin zuen, eta (C) bertsioan eta makinazkoan ageri den bezala moldatu, ia erabat.

(7) Ahapaldi hau ez dago (A) bertsioan; (B) bertsioan saiatu zen gogoz hori lantzen; hor landu eta ordenaturiko lerro gehienak jasoz idatzi zuen garbian (C) bertsioa.
Bestalde, (A) bertsioko hirugarren ahapaldia, ez zen pasa ez (B) eta ez (C) bertsioetara. "Haizkora batez moztu" hasten den olerkiaren hirugarren ahapaldia bera da hori, azkenean bi lerro gehituta:
"argiak garaitu du
haizkoraren errabia".

Baina bi lerro horietatik abiatuz landu zuen, hain zuzen, hemengo olerki honetako azken ahapaldia (B) bertsioan, (C) bertsiora eta makinazko kopiara pasa zena.

Ingurune-oharrak:
[I] Aizkirri Arantzazu auzoko baserria da. 1985ean bertako etxekoandre Maria haizkoraz hil zuten eta urputzura bota gorpua. Gandiagak oso ezaguna zuen emakumea, besteak beste, Arantzazu auzoan hamabost urtetan ihardun zelako "baserritarren kapellau", berak "Argiaren esperientzia ere" idatzian dioenez.
Hemengo olerki honen aurretik beste bi laburrago behintzat idatzi zituen Gandiagak Aizkirriko Mariari eskainiak: "Haizkora batez moztu" (1985) eta "Aizkirriko Maria" (1986) hasten direnak.

Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa