Bitoriano Gandiaga

Edizio kritikoaren iturriak: UBM-1

Autorea: Gandiaga, Bitoriano

Lankideak: Hitzaurrea: J. M. Lekuona / Azala, irudiak eta maketa: X. Egaña

Iturriaren izena: Uda batez Madrilen (UBM sigla soilez aipatua oharretan)

Argitalpen-datuak: Jakin, Arantzazu, Oñati, 1977, 203 or.

Iturriaren urtea: 1977

Orrialde-kopurua: 203

Testu-kopurua: 120

Dokumentu mota: Inprimatua

Sailkapena-1: 1.1.1. Liburua

Sailkapena-2: 1.1.1. Liburua-G

Kanpo-deskripzioa: Liburua (21 x 17), ofset-ez argitaratua; rustikan koadernatua.

Edukia: 1. Hitzaurrea: "Sarrera modura", Joan Mari Lekuona, XV-XXIX or. 2. Zazpi atal ditu: Gurutzeko Jonen Plazako iturria - Islak - Zorabiotan - Jendea - Espainiako Plaza - Eta gizona - Behebarrua. 3. Orrialde osoa betetzen duten marrazki askotxo, zuri-beltzean. 4. Olerkiekin batera hitz lauzko hainbat testu ere badu liburuak.

Gaiak: Hiria da -Madril- liburuko gai nagusi-nagusia: Hiriaren arkitektura (34 poema) eta hirian ibili dabilen eta bizi den jendea (34 poema). Dena dela, Gandiagak Madrilen bizi duen hiriaren esperientzia "berria", Mendebaldeko edozein hiri modernotara zabal daiteke, Gandiagaren poesia ez baita anekdotikoa, nahiz eta Madrilgo parkeak, plazak, kaleak eta eraikuntzak aipatu sarritan. Hain zuzen ere, hiri modernoaren egitura eta biziera kantatu beharrean, euskararen beraren gaitasunik eza jasaten du euskal poetak, idazlea denez eta bere esperientzia agertu nahi duenez: idazlearen nekeei eta ahaleginei buruz ditu, hain zuzen, 10 bat poema. Dena dela, Madril hiri modernoak euskal idazleari neke apartekoa ezartzen badio, Madril hiriburuak bestelako zailtasunak jartzen dizkio euskarari, eta horren inguruko kexuak agertzen ditu 8 bat poematan.

Datazioa: Liburuaren idazte-datazioa 1974-1976 artean jar daiteke. 1974ko uda eman zuen Madrilen, eta orduan idatzi zituen Uda Batez Madrilen libururako olerki gehienak edo horietarako apunteak. Uste izatekoa da 1974an edo 1975ean idatzi zituela olerki horiek denak. Gure aldetik 1974-1976 urte tartekotzat jo ditugu, bestelako indikaziorik ez daukatenak.

Lekukotasunak: "Horrek dezepzionatu egin ninduen bezala Madrilek ikaragarriko [sic] zirrara sortu zidan. Sospetxatzen ez nuen bezalako hiritzar bat. Ez nenkien zer esaten zidan. Zerbait esaten zidan edo. Nik esaten nuen "inpresio hau nola islada nezake...". ¶Madrilek zerbait esaten zidan. Nik entzun egiten nion. Baina nik ere zerbait esan nahi nion Madrili. Ikusten nuela, esate baterako. Madril ageri zitzaidan neri, Nigan erreflejo bat sortzen zuen. Orduan nik esan nahi nion Madrili ikusten nuela, entzuten nuela, banenkiela zerbait esaten zidala. Hori sortu zen bion artean; Madril eta bion artean. Eta hasi nintzen idazten, bere formak, bere itxura, bere tankera... entzuten nuena... ikusten nuena... Orduan nire borroka zen han ikusten nituen gauzak, bizi eta ulertzen nituen gauzak idaztea. Paperean ezartzea. Inork ulertzeko moduan hori irakurtzen zuenak nere bibentzia berbera jaso ahal izan zezan. Honela sortua da. Txiripa bat da." ("Gandiagarekin, esperantza urratu nahi eta ezinean" (Iñaki Uria eta Pello Zubiriak egindako elkarrizketa), in: Argia, 1985-otsaila 24, 1.049. zenb., 37. or.¶ "Ni Madrilera joan, ez nintzen Madrilegatik joan, han iragarrita zegoen udaldiko teolojia ikastaro bategatik baino. Baina ni Madrilen geratu, ez nintzen udaldiko teolojia ikastaroagatik geratu, Madrile beragatik baino. Ni teologia berri baten billa [sic] joan nintzen Madrilera, ikuspegi berrien bila, adiera berrien billa. Baina programak huts eman zidan. Orduan, zereginik ez eta ingurura begira jarri nintzen. Egotez, ni egonda nengoen Madrilen bi-hiru aldiz ere, baina beti eginkizunen bati lotuta, eta Madrile ikusi gabe nengoen. Madrili begira jarri nintzen beraz eta gauza oso serioa zela ikusi nuen Madrile. Erronka dialektiko bat bezala azaldu zitzaidan. Han zegoen, han zen eta han ginen, ni nere mentalitate erruralaz eta bera bere taxutura urbanoz eta industrializatuz. Hiriaren hizkuntza lineal eta jeometrikoa guztiz interesgarria zitzaidan, guztiz interesgarria haren gizonaren gaineko indarra. Dabid ttiki aurkitu nintzen hiri erraldoiaren aurrean. Haren hizkuntza desafiozkoa eta erdeinuzkoa nuen, haren tamaina eskerga, itzelezkoa. Hauxe menderatu behar diat, esan nuen. Berehala konturatu nintzen ordurarte erabilitako hizkerak ez zidala burrukarako balio, hura beste hizkera baten espresatu beharrekoa nuela, beste forma poetiko batzu lantzera behartzen ninduen hark. Ez dago forma beretsuetan espresatzerik Arantzazuko lanbroa eta Madrileko trafikoa. Arras diferenteak dira eragin eta zentzu espazialak, arras diferenteak mintzagaiak. Espresabide berri baten beharrean aurkitu nintzen hango errealitatea harrapatu eta menderatuko banuen. Ezin nion eraso espresionismo sozial batez, testigantza eta moral jarrera batez, protesta hautsi eta gogor batez. Nik mundu arrunteko harrikoxkor biribilez erasoko nion, egunero erabiltzen ditugun gauzaz: Kaleetako anuntzioz, arkitekturaz, espaloiz, metroz, eskailera automatikoz, periodikoz, eskabadoraz, gruaz, palaz, gizon anonimoz, jendez, hiriko konplesutasunez.¶Liburua expreski konstruitua da. Elementu asko dago sentimentua utzi eta deskribaketa hutsaren bidez eraikia. Sentimenduak ez dira izkutatzen, baina Elorrin deskribatzen diren natur fenomenoak sentimentuen zerbitzuan dauden bitartean, Madrileko deskribapenak ez daude ezeren zerbitzuan. Hiru Gizon Bakarka-ko forma popularretatik forma landuetara buelta ageri da hemen, forma artifiziosoetara." (Ik. B. Gandiaga, "Izendatu didazuen gaia" hasten den testua).

Bestelako oharrak: Uda batez Madrilen liburua idatzi zuen giro hartan beste asko idatzi zuen, argitaratu gabe utzi zuena, eta batez ere UDMG eta AAP sortetan daudenak. Honela dio autoreak berak Uda batez Madrilen liburuaren sarrera gisakoan (4.or.): "Badut oraindik zabaldu ere egin ez dudan karpetarik. Gaiak garraiatzerakoan ipurterre kutiziatsu banaiz, jasoa aurkezteko eta jasotakoz ondutakoa mahairatzeko ez dut, izan ohi larririk". Liburuaren hasieran Blas Otero adiskidearen olerkitxo hau ipini zuen: "Hitz egiten den bezala idatzi behar ez bada, hitz egiten ez den bezala idaztea ere egokia ez da".

Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa