Bitoriano Gandiaga

Edizio kritikoaren iturriak: ZKA

Autorea: Gandiaga, Bitoriano

Iturriaren izena: [Zortzi Kapituluak-Adio]

Argitalpen-datuak: Sorta daktilografiatua, 105 orri

Iturriaren urtea: 1980

Orrialde-kopurua: 105 orri

Testu-kopurua: 99

Dokumentu mota: Makinaz/Eskuz

Sailkapena-1: 3.1. Bilduma

Sailkapena-2: 3.1 Liburugaia-G

Kanpo-deskripzioa: Karpeta eraztunduna, marroia, DIN-A-4 tamainakoa. Eta bertan koartila (DinA-5) formatuko orrietan bildu zituen argitaratzeko olerkiak, makinaz txukun kopiatuta, orrien alde bakarrean -karpetako testu guztiak, sarrerak eta 8. ataleko bertsoak ere kontuan hartuta, 99 dira-. Atalen sarrerak, ordea, eskuz daude idatzita, edo zirriborratuta behintzat -ez atal guztienak-. Hiru orri bakarrik dira DinA-4 tamainakoak, makinaz idatzita. Dirudienez, azken ordukoak dira horiek, eta hirurek daukate 1980ko data. Beste orriek, berriz. ez dute datarik.

Edukia: Honako zortzi atal hauetan daude banatuta olerkiak, eskuz idatzitako aurkibidean argi dagoenez: 1. Orbelaun-Arantzazu; 2. Arantzazu-bidezahar; 3. Tel Aviv; 4. Poetika; 5. Denbora-bakardade; 6. Gauza ta jende; 7. Lurra ta herria; 8. Lagunartekoak.

Gaiak: Gaiak denetarikoak dira bilduma honetan; baina bizitzakoak edo existentzialak dira gehienak.

Datazioa: Joxe Azurmendiren ustez (Adio liburuari egindako sarreran), Gandiagaren bizitzako azken urteetakoak dira horko poema gehienak, edukiari begiratuta. Bestelako datuei begiratuta, ordea, bilduma askotxoz lehenagokoa da: Tel Aviv atalekoak lehenagokoak dira noski (1978koak edo); “Bide busti potingoz betean” ere 1978kotzat jo dugu, hori eskuz idazteko erabilitako orriaren arabera (AOB-S); eta, azkenik, hiru behintzat 1980. urtekoak dira, bakoitzean seinalatuta dagoenez. “Hainbat eta hainbatek ez du” hasten den olerkia ere 1980ko azaroa baino lehenagokoa da, Gandiagak aita bizirik baitu artean. Koadernoa bera beranduagokoa ote da, nahiz eta materialak zaharragoak izan? Liburugaiaren azken atalerako ematen duen aurkibidea 1980koa (agian 1981ekoa, baina abendua baino lehenagokoa) da; izan ere bertan aukeraturiko lehen bederatzi bertso-sortak L1G koadernokoak dira, bertako orrialdean seinalatuta; azkena, ordea,Txillardegiri eskainia, L2G koadernoan argitaratu zuen (1981-XII-20), baina ez du horko orrialdea markatzen “Karpeta urdina” izenekoa baino, seguruenik L2G artean argitaratu gabe zegoelako. Zein da aurkibide horretan aipatzen duen “Karpeta urdina”? Badirudi L4G sorta dela, horko 25. orrialde “zaharrean” baitaude Txillardegirentzako bertsoak –orrialde “zaharra” diogu, sortaren behealdean markaturiko zenbakiena, orain ezabatuta daudenena–.

Bestelako oharrak: “Zortzi kapituluak” titulua eman genion Gandiagak, eratuta baina titulu argirik gabe, utzitako karpetari, seguruenik argitaratzera bidaltzeko asmoz antolatuari, liburugaia zortzi ataletan banatua zegoelako; gero Elkar Argitaletxeak hori argitaratzean, Joxe Azurmendiren sarrera eta guzti, Adio titulua jarri zion liburuari. Horregatik biekin egin dugu titulu bakarra eta ZKA sigla eman. Karpeta honetako lehen atala, “Orbelaundik Arantzazura” izeneko bere artikulu autobiografikoa, “Orbelaundik Arantzazura” (OAR) izeneko beste karpetan –liburugaian– ipini zuen autoreak eta ez hemen. Hala ere, OAR karpetako materiala argitaratzean Adio izeneko liburuan sartu zuten editoreek artikulu autobiografikoa ere. Gainera liburu horretatik kanpo geratu ziren autoreak 8. atalerako iradokitako bertsoak –karpeta honetako bilduman ez daude jasota bertso horiek, baina bai adierazita zeintzuk izango ziren zortzigarren atal horretan–: denetara hamar bertso-sorta, lehendik L@G bildumatan emandakoak.

Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa