Bitoriano Gandiaga

Edizio kritikoaren iturriak: 3KO

Autorea: Gandiaga, Bitoriano

Iturriaren izena: [Koadernoa-3]

Argitalpen-datuak: Eskuizkribua, 66 or.

Iturriaren urtea: 1977-1980

Orrialde-kopurua: 66

Testu-kopurua: 53

Dokumentu mota: Eskuzkoa

Sailkapena-1: 3.3. Koadernoa

Sailkapena-2: 3.3. Koadernoa-G

Kanpo-deskripzioa:
I. Eskola-koadernoa (21,5 x 15,5).
II. Berez 32 orrikoa da koadernoa —64 orrialde koadrikulatuak—, baina atzeko azala ere idatzita dago, barrualdean nahiz kanpoaldean. Koadernoko orrialdeak zenbakitu egin ditugu geure aldetik, erreferentziak errazteko. Aurreneko 15 orrialdeak, gaztelaniaz idatziak, hitz lauzkoak dira. Beste ia guztiak, euskarazko olerkiak dira. Orrialderen bat edo beste idatzi gabe daude.

Edukia:
53 testu dira. Horietatik 34 ZKA karpeta-liburugaian sartu zituen Gandiagak, eta Adio liburuan, autorea hil ondokoan, daude argitaratuta.
Lehen 10 orrialdeetako testuak, kontenplazio-bizitzari buruzko hitzaldiren batean harturiko apunteak´edo dira, eta gai beraz talde-lanean-edo erabiltzeko eskema; 10-15 orrialdeetan Hego Euskal Herriko eta bereziki Bizkaiko alderdi politikoei buruzko analisi modukoa da: hitzaldiren batean jasotako apunteak, seguruenik.
16. orrialdean hasten dira euskarazko testuak: apunteak eta eskema gisakoak horietako batzuk, olerki landuak beste batzuk. Prosazko gogoetarik ere badago (40-42 orrialdeetakoa, adibidez).

Gaiak:
Testuotako gai erabilienak: Bizitza, idazlea eta izadia.

Datazioa:
Noizkoa ote da koaderno hau, eta noizkoak bertako testuak?
Koadernoko 10-15 orrialdeetan hitzaldi bateko apunteak jaso zituen Gandiagak: "Situación de Euskadi sur en especial Vizcaya". Bertan adierazten duenez, Madrilgo Parlamenturako hauteskundeak egin berriak-edo dira, Autonomi Estatutua baino lehenagokoak, non ESB alderdiak ere parte hartu baitzuen. Zalantzarik gabe Franco hil ondoko horrelako lehen hauteskundeak dira (1977-VI-15).
Koadernoko 30 olerki ZKA-n ere badaude eta Adio liburuan argitaratu zituzten. Joxe Azurmendik liburu horretako olerkiak Gandiagaren azken urtetakotzat jo zituen oro har, bere sarreran. Ez dirudi hori horrela denik, liburuko "Tel-Aviv" atalekoak eta koaderno honetakoak behintzat; gainera ZKA karpeta-liburugairako Gandiagak idatzitako bi atal-sarrerek 1980ko ekainaren data daramate. Hori datu garrantzizkoa izan daiteke, pentsatzeko ZKA karpeta osoa 1980an prestatu zuela. Horrek esan nahiko luke, hor jasotako olerkiak ere 1980ko edo lehenagokoak direla, baita 3KO koadernoko 30 horiek ere.
Beraz, eta orain arteko datuak kontuan izanik, behin-behingoz behintzat 1977-80 bitartekotzat joko genuke koaderno hau; eta bertako olerkiak, berriz, 1978-80 bitartekotzat.
Joxe Azurmendiren iritziz, eta olerkietan erabilitako gaien aldetik, azken urtetakotzat jotzekoak direla badio ere, horrek beste interpretazioren bat eskatuko luke seguruenik; Lurralde Santuko erromesaldia (1978?) egin ostekoak ez ote dira olerkiok? Eta hango esperientziak eragindakoak, bizitzaren eta denboraren zentzua nabarmentzen dutenak? Horrek agian argituko luke, baita ere, zergatik ez zuen orduan liburua argitara eman; oso prestatua zeukalarik, 1981eko gaitzaldiak harrapatu zuen; eta horren ondorioz, Denbora galdu alde liburua etorri zen.
Azken batez, bestelako datu gehigarri bat ere badago esateko 1977-80 urte ingurukoa izan behar duela koadernoak, olerkien kopiak egiteko erabiltzen duen paperari begiratuz; izan ere, 1977an OSK karpetarako erabili zuen paper mota berbera erabili baitzuen ZKA liburugairako ere.

Bestelako oharrak:
Lau eskola-koaderno utzi dizkigu erdi-idatzita Gandiagak. Horiek zenbakitu egin ditugu erreferentziak errazteko: Koadernoa-1, Koadernoa-2, Koadernoa-3 eta Koadernoa-4. Koadernoa-3 (3KO, siglaz) horietakoa da, beraz.
Gaztelaniazko testuak (lehen 15 orrialdeetakoak) ez ditugu aintzakotzat hartu Gandiagaren idatzien Datu-baserako.

Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa