Autorea: Gandiaga, Bitoriano
Lankideak: Jose Luis Iriondo: marrazkiak
Iturriaren izena: Elorriko Lorak
Argitalpen-datuak: Daktilografiatua, 253 orri. +28 marrazki-lamina
Iturriaren urtea: 1955-56 (??)
Orrialde-kopurua: 260~ + 28 orri
Testu-kopurua: 230
Dokumentu mota: Daktilografiatua
Sailkapena-1: 3.1. Liburugaia
Sailkapena-2: 3.1 Liburugaia-G
Kanpo-deskripzioa: Folio tamaiako karpeta marroia da. DinA-4 tamainako orri kipula-paperezkoz osatua. Orrialdeak: I-V + 1-254 (-bis orrialde bat edo beste ere badago: adibidez, 88bis, itxuraz gero erantsia, eta bestelako paper eta orrietatik guztiz ezberdina. Gainera Elorri liburuaren lehen argitalpenerako Jose Luis Iriondok landutado irudiak daude karpeta berean.
Edukia: Autoreak berak ELORRIKO LORAK titulua eman zion karpeta honi. Eta itxuraz argitaratzeko prestatua zegoen: Hitzaurre-poematxoa (II. or.) - Dedikatoria (III. or.) - Sarrera-poema (IV-V or.); eta liburu osoa 10 ataletan banatua, bakoitza bere sarrera-poematxo eta guzti: I. ANDRA MARI (1-28 or.): 20 olerki II. PRAILLEA (29-60 or.): 32 olerki III. POZA (61-119 or.: 64 olerki IV. ZURE ORDUKO EDER OLEDEA (BURUBIDEA) (120-148 or.): 16 olerki. V. PRAILLEGEIAK (149-160 or.): 10 olerki VI. URRATUA (161-206 or.): 61 olerki VII. GABON (207-216 or.): 5 olerki VIII. MAITASUNA (LORA GORRIA) (217-241 or.): 17 olerki IX. OPARIA (242-248 or.): 1 olerki X. AGUR (249-253 or.): 3 olerki Zalantzarik gabe Elorri liburuaren oinarria da karpeta hau. Liburuko 97 olerki, ia erdiak, daude ELRL-n. Hala ere, ELR-ko erdiak baino gehiago berriak dira, eta ez daude ELRL-n. Horregatik neurri batez bakarrik da Elorri liburuaren oinarria. Gainera ELRL-ko poemak, ELR-n argitaratuak, sarritan oso aldatuta daude argitaratuan: hitzak, lerroak eta ahapaldiak; eta sarritan hainbat ahapaldi kenduda dago, eta beste batzutan gaineratuta. Gainera ELRL-ko 124 olerki ez dira ez Elorri liburuan ez beste inon argitaratu: Elorri liburuan ez sartzean, hor geratu ziren baztertuta. Beraz, material handia dago karpetan oraindik argitaratu gabe; horietako zenbait Poema argitaragabeak (4 tomo, 2005) bilduman daude jasota. Testuez gain, Elorri liburuaren lehen ediziorako erabilitakoa marrazkiak daude: A) Zortzi lamina jatorrizko, gero argitaratzekoak; B) 8 lamina, aurrekoen kopiak, eta argitaratuak (horiekin batera dago liburuaren atzeko azalean argitaraturiko hostoaren irudia ere); C) Beste lamina batzuk, Iriondok egindako jatorrizkoak, gero libururako erabili ez zituztenak.
Datazioa: Garbi dago proiektu jakin batekin, eta argitaratzeko asmotan egina dagoela; beraz data zehatzen bitartean landua da, seguruenik. Baina ez zen inprimategira joan; inprimategirako beste originalen bat, oso ezberdina prestatu behar izan zuten. Hori gertu zegoen 1961ean, urte horretako apirilekoa baita originalaren aurreneko Eliz baimena (Probintzialarena), argitaratzeko behar izan zuena. 1960-61 urteetan prestatu zuen seguruenik inprimategirako kopia originala -orain galdua-, horretarako Joxe Azurmendik eman zion laguntzarekin. Baina aurretik zuzenketa asko egina zuen ELRL. Eta zuzenketa horietako hainbat sartuta daude ELRG sortan ere, Elorri liburuaren originala baino lehenagokoa den horretan. ELRL olerki bildumaren dedikatoria honako hau da: "Neure Maixueri, asti-une eta biotz-aldietako kantuok". Maixu horiek bera Arantzazun ikasle zenekoak dira. 1955ean amaitu zituen ikasketak Gandiagak. Ez du derrigorrez urte horietakoa izan behar bildumak; 1954 baino lehenagokoa ez da, zeren eta bere Apaiz-ordenazioaz ari den olerkirik badago bertan (1954ko udazkenean). Baina uste izatekoa da, askoz beranduagokoa ere ez dela. Izan ere, 1955ean inauguratu zen basilika berria; hori bukatuta dagoela ematen du "Erregin aundi eta ama" olerkian, ELRL-n jasoan. Bestalde, 1956an argitaratu zuen "Itxi eidazu, neure jabea" olerkia Excelsior aldizkarian. Ordurako ELRL bilduma egina zuen nonbait; izan ere, olerki horretan Excelsior aldizkariko aldaera ELRL bilduma egin ondorengoa da seguruenik, eta Excelsior aldizkarirako horko hirugarren ahapaldia aldatzeaz gain, horko bi ahapaldiko beste olerkia "Neguko egun argi batean" olerkiari erantsi zion. Bestalde, "Zeure arnasa barrendu zeunstan" olerkia 1956an argitaratu zuen Excelsior-en, baina badirudi Elorri-ko bertsioa baino lehenagokoa dela, aski ezberdina gainera, zeren eta gero Elorri-k zuzenean ELRL-koa hartu baitzuen. Era berean "Kantuz eldu nai naiatsu" olerkiaren ELRL-ko bertsioa Excelsior-koaren ondorengoa da, azken honetan egindako ahapaldietako lerroen ordena-aldaketa sartuta baitago ELRL-n. Uste dugunez, beraz, 1955-56 bitartekoa izan daiteke Elorriko Lorak (ELRL) bilduma. Hala ere, bilduma horretako hainbat pieza askoz lehenagokoak dira, Arantzazuko eliza zaharreko kanpandorrea bota zuten uneko olerki bat ere bai baitago bertan, eta bestelakoak ere, 1954a baino lehenagokoak. Beraz, esan daiteke bilduma hau 1951-56 bitartekoa dela; eta funtsean Arantzazuko Teologiako ikasle izan zeneko urteetan idatzitakoa, izan ere (1951-1955). Ondoren zuzenketak eginez joan zen. Baina aldi berean beste poema asko idazten jarraitu zuen, gero Elorri liburuan agertuko zirenak. Beraz, ELRL karpeta bera 1955-56 artekoa bada ere, bertan egon aurreko urteetako olerkiak daude; horregatik horien idazte-datatzat, 1951-1955 tartekotzat ematen dugu.
Lekukotasunak: Honela dio Gandiagak berak "Izendatu didazuen gaia" hasten den hitzaldian: "Garai hau 1952-57 bitartekoa edo da. Ordukoak ditut gero Elorri-n agertu ziren poematxo asko. Gerora ere Jose Antoniorengana jotzen nuen, nere lantxoen orrazketa egiteko. Nire lantxoen xedea, esankizunak argi eta garbi adieraztea zen. Martxa honetan idatzi nituen gaur Elorri-n ageri diren poematxoak eta agertu ez zirenak." (Hegats 4, 1991, 208. or.). "1958-1960a urteak dira, eta hemen, beste izen bat aipatu, behar dut, Joxe Azurmendirena. Honen eskuetan utzi nituen Elorri izenpean idatzirik nituenak, eta honek bakandu, sailkatu eta sortatu zizkidan Elorri-n ageri diren eran. Elorri, bukatu zen baino urte-pare bat beranduago agertu zen. Bilboko Gráficas Bilbao inprentan aurkitzen zen 61ean. Han harrapatu zuen poliziak liburu gaiztoren batekin nonbait, eta Arantzazura bueltatu zidaten, gazteleraz jar nezan aholkatuz, eta hala itzuli zen. (Ibid., 208-209. or.) "Elorri apaiz-karrerako azken urteetan eta apaizgoko lehenetan idatzia dut. " (Ibid., 209. or.). "1960.erako idatzita neukan ELORRI", dio Gandiagak OSK koadernoan.