Bitoriano Gandiaga

Edizio kritikoaren iturriak: LSE

Autorea: Gandiaga, Bitoriano

Iturriaren izena: Lilluraz eta nekez [Euskaltzaindiko kopia]

Argitalpen-datuak: Sorta daktilografiatua, Euskaltzaindiko Azkue liburutegiaan dago), Bilbo, 17 orri

Iturriaren urtea: 1964-1965

Orrialde-kopurua: 27 orri

Testu-kopurua: 17

Dokumentu mota: Daktilografiatua

Sailkapena-1: Bilduma

Sailkapena-2: 3.2. Bilduma-G

Kanpo-deskripzioa: Din-A-4 formatoko 54 orrialdeko (27 orri, azaletakoakkenduta) sorta da (Euskaltzaindiko Azkue liburutegian dago; sarrera: 13 diciembre 1982). -Sortaren kopia digitalizatua daukagu Gandiagaren artxiboan-. Egoki josita dago bilduma, eta barruan dakar titulua: LILLURAZ ETA NEKEZ, eta beherago: LIZARDI SARIKETARAKO . EZAUGARRIA. "Aize arioz". Azken olerkiaren ondoren, berriz, honako hau dakar, sinadura gisa jarrita: "Gandiaga. Aize arioz". Euskaltzaindiaren Lizardi sariketarako bidalitako kopia ote da LSE? Azken orrian ageri den sinadurak (!?) ezezkoa adieraziko liguke, lehiaketarako kopiak ezin baitu autorearen izenik eraman. Agian sariketaren ondoren, Euskaltzaindian utzitako kopiaren bat ote, sinadura eta guzti? Ala hor idatzitako izena ez ote autorearen sinadura, besteren batek jarria baino, dokumentua norena den jakiteko -hipotesi hau sinesgarria izan daiteke, "sinaduraren" idazkera ez baitirudi Gandiagarena denik-.

Edukia: 17 olerki dira denetara. Geroago ABG liburuan sartu zituen denak. Olerki sorta hau Gandiagaren artxiboan aurkitu dugun titulu bereko olerki sorta (LSA) bera da; horretan eskuz egindako zuzenketa guztiak txintxo txintxo sartuta daude LSE makinazko kopia berrian. LSA-n bi olerkitan ageri diren datak kenduta daude LSE kopian.

Gaiak: Olerkion gairik erabilienak izadia eta bizitza dira.

Datazioa: Azkue liburutegiko sarrerako datak ez du balio, seguru geroagokoa delako, liburutegian sailkatu zutenekoa, alegia. Euskaltzaindiak 1961ean antolatu zuen Lizardi saria, urtero ematekotan (Ik. Euskera, VI (1961), 355. or.). Lehen urte hartakoa Orixek irabazi zuen Tolosan, eta Tolosa udalak ere parte hartu zuen, dirua gehituz. 1965erako (ik. Euskera VIII-IX (1963-64, 494. or.) Gipuzkoako Aurrezki Kaxa Probintzialak hartu zuen nonbait bere gain sariketa horren finantzaketa, Euskaltzaindiaren ardurapean. Sariketa berbera da nonbait, Kutxak lagunduta 1965etik aurrera. 1961-1971 bitartean iraun zuen behintzat lehiaketak (ik. Euskera XVIII, 1973, 284. or.). 1961-66 urteetan Gandiaga ez besteren bat izan zen irabazle; 1967an hutsean utzi zuten saria ematea; eta ondoko lau urteetan ez zen inor aurkeztu sariketara. Garbi dago LSE sorta 1964koa edo geroagokoa dela, LSA kopiaren (Gandiagaren artxiboan dagoenaren ) ondorengoa denez. LSA-n datozen bi olerkien azpiko datak (1964) kendu egin zituen LSE kopian; beste olerkiek ez dakarte datarik. Baina, bestalde, LSE sortako olerki denak Olerti-k argitaratu zituen 1967ko bi zenbakietan eta 1968ko lehenengoan. Beraz, 1965ean edo 1966an aurkeztu behar izan zuen poema sariketarako: 1965ean Gabriel Arestik irabazi zuen sari hori, "Euskal harria" poemarekin eta 1966an Ibon Sarasolak, "Ez bat, ez bi, ez..." poemarekin. Gandiagarena bigarren edo geroago geratu zen nonbait, horietako batean ala bestean. Horregatik guztiagatik 1964 edo 1965ekotzat jo daiteke Euskaltzaindiko LSE olerki sorta.

Bestelako oharrak: 1962an Elorri argitaratu zen ondoko urteetan, 1968an Oteizak idaztera bultzatu zuen arte, ez zen idatzi gabe egon Gandiaga, eta ez zituen bere olerki denak paper-saskira botatzen. Horren froga da olerki sorta hau, non bi behintzat 1964koak baitira, eta besteak ere hor ingurukoak izango dira, aurreragoko iturrietan ageri ez direnez, eta dena dela 1967 baino lehenagokoak. Horretarako Lizardi saria ez irabaztea ere ez zen izan batere bultzagarri argitaratzeko idazten saiatzeko. Azkue bibliotekak grabaturiko "Hiru gizon bakarka / lello xamurrak / Lilluraz eta nekez" (HLL) CDan dago grabaturik dokumentu hau, beste biekin batera, Gandiaga artxiboan.

Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa