Bitoriano Gandiaga

Edizio kritikoaren iturriak: JML

Autorea: Gandiaga, Bitoriano

Iturriaren izena: [Joan Mari Lekuona sorta]

Argitalpen-datuak: Digitalki inprimaturiko sorta, 7 orri

Iturriaren urtea: 1998

Orrialde-kopurua: 7

Testu-kopurua: 15

Dokumentu mota: Daktilografiatua

Sailkapena-1: 3.4.1. Sorta

Sailkapena-2: 3.2. Bilduma-G

Kanpo-deskripzioa: Din-A-4 tamainako 7 orriko sorta da, alde bakarretik idatzita (15 olerki). Lehen olerkiaren azpian ohar hauxe dago: "Juan Mari Lekuonarekin Arantzazun zehar egiteko nintzen ibilaldirako prestatu nuen apunte sorta". Sortaren bi kopia daude artxiboan: aurrena zuzenean artxibo digitaletik inprimatua da; bigarrena, berriz, horren fotokopia da. Lehen kopian zenbait zuzenketa egin zuen eskuz, eta gero hori fotokopiatu (artxiboko bigarren kopia). Bigarren kopia honetan lehenengoko aldaketak berriro markatu eta beste berriren bat sartzeaz gain, zenbakitu egin zituen olerkiak sailean 1etik hasita, eta bakoitzeko lehen lerroa azpimarratu, ondoan honako oharra erantsiz eskuz: "Letra handiz", inprimategian lehen lerro hori letra larriz ematekoa zela adieraziz. Era berean, lehen olerkiaren azpiko oharra "lehenengo orrira" eramateko marka idatzi zuen inprimategiarentzat. Baina azkenean ez zituen inon argitaratu olerkiok, guk dakigunez behintzat.

Edukia: Denetara, 15 olerki dira: Gehienak oso laburrak.

Gaiak: Arantzazu, izadia eta beste, da olerkion gai nagusia; badu bizitzari buruzkorik ere.

Datazioa: Noiz zen Joan Mari Lekuona Arantzazura joatekoa, Gandiagarekin inguru haietan ibilaldiren batzuk egitekotan edo? Ez dakigu zehazki. Izatez, Lekuonak ez zuen bete asmo hori. Eta Gandiagak bere Egunkarian eta peperetan ez du asmotako bisita horren berririk ematen. Sortako testuek ez dute urterik ematen eta barne-kritikatik ere ez da erraza jakiten zein urtetakoak diren. Badirudi ekainean-edo ari dela horiek edo horietakoren batzuk behintzat idazten (ik. "Zein berde dagoen lurra" olerkia). 1998ko udan utzi zion Gandiagak J. A. Adurizi olerki-sorta, eta honek urte hartako abuztuaren 19an grabatu zituen ordenagailuan. Urte horretakotzat jo genezake, beraz, sorta hau.

Bestelako oharrak: Gandiagak berak gonbidatu zuen Joan Mari Lekuona Arantzazura joatera -seguruenik egun batzuetako bisitaldian-. Joan Mari Lekuonak berak aitortu zuen, Gandiaga hil ondoren, ez zuela asmotako bisita hori egiterik izan, Euskaltzaindiaren aurrean irakurri zuen haren "Hil-berria" testuaren azkenean: "Arantzazura joan nendin konbita. Bederatzi folio dira, berauetan 13 poema datoz, laburrak eta ez hain laburrak, lehenengo poesiaren ondoren ohar hau daramatela: 'Juan Mari Lekuonarekin / Arantzazun zehar egiteko nintzen ibilaldirako / prestatu nuen apunte sorta'. Ez nuen joaterik izan eta orain pena dut bihotzean. Ezagutu ahalko nuen gure mendi-hegal sakratua, erakusle eta protagonista Bitoriano zelarik, Arantzazu epikoa baztertu eta XX. mendeko Arantzazu ideiaz eta jokabidez jantzi zuena, testigantza emanez" ("Bitoriano Gandiaga (G.B). 1928-2001)", in: Euskera XLVI, 2001-1, 311. or.). Gandiagaren artxiboan DIN-A-4 tamainako 7 orri dauzkagu; olerkiak, berriz, 15 dira, argi eta garbi. Seguruenik bestelako kopia edo bertsioren bat bidali zion Gandiagak Lekuonari.

Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa