Autorea: Gandiaga, Bitoriano
Iturriaren izena: Oskarbi-ren kantaldia [Herri Irratia]
Argitalpen-datuak: Sorta daktilografiatua, 15 orri.
Iturriaren urtea: 1977
Orrialde-kopurua: 15 orri
Testu-kopurua: 17
Dokumentu mota: Daktilografiatua
Sailkapena-1: 3.2. Bilduma
Sailkapena-2: 3.2. Bilduma-G
Kanpo-deskripzioa: Karpeta berdea, non koartila edo Din-A-3 tamainako paperetan alde bakarretik eta makinaz idatzita baitaude orriak: 15, denetara. Orrialde bakoitzean, abesturiko olerkiaz gain, beste olerkiren bat ere badator, lagungarri edo, edota bestelako ipuin edo iruzkin laburren bat: olerki eta testu horietako bakoitzari erregistro bana eskaini diogu.
Edukia: "Oskarbi-ren kantaldia" deitu dugun testu-sorta hau gertakari oso berezi baten ondorioz idatzi zuen nonbait Bitoriano Gandiagak. 1977an Loiola Herri Irratiko antena birrindu zuten, leherkaria ezarriz. Horri erantzuteko edo, irratsaio bereziren batzuk eman zituzten; horietako bat Oskarbi taldearen kanten saio bat, Gandiagaren poemen gainean egindako kantena. Baina ez zen kanten emanaldi hutsa izan, eta Gandiagak berak hartu zuen parte, kanta horiek aurkezteko. Saio horretarako prestaturiko testuak dira nonbait, irratsaioan tarteka irakurri zituenak. Zazpi kanta eman zituzten nonbait saio horretan, 4. orrialdean Gandiagak berak dioenez. Honako materialak daude karpetan: I. Lehen zortzi orrialdeetan prosazko testuak daude, irratsaioan tartekatzeko iruzkin orokorrak edo -horiek denak erregistro bakarrean sartu ditugu datu-basean, nahiz eta zortzi testu ezberdinak izan-. II. Bigarren partean zazpi kanta-poema datoz, orrialde banatan, bakoitza bere gai-tituluarekin -titulua ez da kantarena-: 1. Hitz urri batzuk; 2. Nik entzun dut; 3. Kezkatzen bait nau; 4. Bai, bai; baina gero ez; 5. Begira gaua ta ikusi; 6. Mila aldiz erori gara; 7 Esperantzari leiho bat.
Datazioa: OSK koadernoa beraren osoan harturik 1977koa da noski, kantaldi horretarako zuzenean idatzia; baina horko olerkiak lehenagokoak dira; Gandiagak berak dioenez, "Kantaldi hontako nire 8 kantu-letrok, ez dira gaurko; badute gutxienik hamar bana urte". Beraz, 1967koak edo lehenagokoak.
Bestelako oharrak: OSK-ko olerkiak 1967koak edo lehenagokoak baldin badira, eta HGB-ko testuak 1967 eta 1969 bitartekoak baldin badira, horrek esan nahi du, Gandiagaren HGB liburuaren zikloa ez dela hasten Oteizarekiko harremanarekin eta Oteizaren eragin hutsez, eta lehenagotik datorrela; izan ere Oteizarekiko harremana 1968ko udazkenean hasi zen, hura apostoluak lantzera Arantzazura igo zenean (bigarren aldian).