Autorea: Gandiaga, Bitoriano (biltzailea)
Iturriaren izena: [Araozkoak Bilduma]
Argitalpen-datuak: Eskuz idatzita eta daktilografiatua, 85 orri
Iturriaren urtea: 1965-1968
Orrialde-kopurua: 85 orri
Testu-kopurua: 44+5
Dokumentu mota: Daktilografiatua + eskuzkoa
Sailkapena-1: 3.2. Bilduma
Sailkapena-2: 3.3. Koadernoa-G
Kanpo-deskripzioa: Koartila tamainako karpeta marroia da. Bost atal ditu: 1. sorta (50 orri), daktilografiatuak nahiz eskuz idatziak, nahasita (batzuk alde bakarrean); gehienak eskuz idatzita daude jatorriz, eta horietako asko gero makinaz kopiatuta; badirudi gehienbat entzun ahala jasotzen zituela Gandiagak, eskuz; gero daktilografiatu zituen; testu bakoitzeko eskuzkoa eta makinazkoa batera josita daude karpetan. Batzuk, batez ere plastikozko zorroan dauden 2. sortakoetako batzuk, badirudi magnetofoiz-edo jaso zituela, eta gero transkribatu zituela eskuz, baina batzuetan ezin izan zuela ulertu magnetofoikoa; hori gertatu zitzaion nonbait zenbait bertsotan; eta hainbat lerro osatu ezinik, marra batez seinalatu zituen hutsuneak. 2. Eskuz idatzitako 18 orri, alde bietatik eskuz idatzita (aurreko sortaren jarraikoak, baina plastikozko zorroan jarriak); 3. Sei orri pentagramadunak, eta eskuz idatziak, plastikozko zorroan sartuak. 4. Zazpi orri pentagramadunak + diptiko bat inprimatua, plastikozko zorroan jarriak. 5. Hiru orri, tamaina ezberdinekoak (2 eskuz idatziak, eta hirugarrena daktilografiatua, aparteko plastikozko zorroan sartuta. Koaderno honetan bateratu dago Gandiagak idatziz bildutako herri literaturako material hainbat: Ia dena Araotzen edo Oņatin bildua. Lehenengo bi sortak artxiboan zenbakituta daude, biak jarraian.
Edukia: Hona sorta bakoitzeko edukia zehaztuta: 1. Lehen sorta: Araotzen jasotako kantak, ipuinak, erromantzeak, pasadizoak eta bertsoak. 2. Bigarren sorta: Araotzen ahoz jasotako beste batzuk, transkribatuta. 3. Hirugarren sorta: Doinuak; horietako lau Araotzen jasotako kantenak, testu eta guzti: a) "Mutil txiki txiki" (umeen norgehiagoka-kanta): hitzak Gandiagak jarriak, musika, Pello Zabalak; b) "Ai nere biotzeko": Araotzen jasotako kanta herritarra: hitzen transkripzioa Gandiagak egina, musikarena, Pello Zabalak; c) "Larrosape-ko txoritxo orrek", Araozko kanta; d) "Jose Mondraguek dauko": Araozkoa, Gandiagak jasoa (musika Pello Zabalak transkribatua). 4. Laugarren sorta: honetan Gandiagak herritarrengandik jasotako kopla edo bertsoak daude bilduta. Dirudienez herritarrengandik jaso zituen kanta horiek Gandiagak, hitz eta musika, eta lagunen bati musika idazteko eskatu zion. Bata edo beste burutu gabeko lanak dira, itxuraz Autoreak ez du esaten, norengandik dauden jasota kopla horiek; baina horietako batzuetan badaude nolabaiteko autore-indikazioak: Elena Baliente Zubillaga (bi paperetan), Mari Igartua, Maria Arregi Idigoras, Maria Nieves Barrena-Arregi. Beste biren titulutzat edo honako hauek daude "Mari Arangoaren bertsuak" eta "Goizeko izarra" (Maria Igartuarena). Aipaturikoen artean sartu dugu Gandiagaren artxiboan zegoen Bermeoko 1960ko Magdalena jaietarako programa (4 orrialdekoa) non azken orrialdean "La magdalena" Bermeoko kanta herritarra ageri baita. 5. Bosgarren sorta: Hiru dokumentu dira: a) "Esnatu danok baserritarrok" hasten diren bertsoak (Gesaltzako Grazianorenak nonbait, alboan arkatzez idatzita dagoenez); b) "Zaldiak, beorrak..." hasten den papera, Gandiagak berak eskuz idatzia, non berak jasotako esaeraren batzuk baitaude bilduta; c) "Bart, ai, gure amak" gabon kanta, Bitoriana Villar oņatiarrak Gandiagari kantatua eta berak jasoa, haren ahotatik entzundako honako ohar eta guzti: "Natibitate egunian kantaitten geben". (Kanta hau "Gabon dut anuntzio" koadernoan (GDA-n) jasota dago (13. or.)
Gaiak: Herri-kantak, ipuinak eta ateraldiak daude gehienbat jasota.
Datazioa: Gehienbat 1965-1968 bitartean egin zuen Gandiagak Araozko bilketa, urte horietan jardun baitzen Araotzen parroki lanak egiten larunbat-igandeetan. Hango ibilerak baliatu zituen jendearen ahotatik hainbat material literario eta etnografiko jasotzeko.
Bestelako oharrak: Araotzen jasotako erromantze batzuk Euskera (EUS) aldizkarian aurkeztu eta argitaratu zituen Gandiagak, "Lau Erromantze" tituluko artikuluan (Euskera XIX, 1974, 156-163 or.). Horietako bat bakarrik dago koadernoan; besteen jatorrizko testuak galdu egin dira nonbait. Bilduma honetako testuak ez ditugu "www.Gandiaga.com" webgunean sartu, bildutako testuak direlako eta ez Gandiagak berak sorturikoak.