Bitoriano Gandiaga

Edizio kritikoaren gida

2. EDIZIO KRITIKOAREN ITURRIAK

2.2. Artxiboko dokumentuak

Gandiagaren literatur artxiboa osatzen dute aipaturiko liburu, karpeta, koaderno, paper-bilduma eta bestelako euskarri grabatu eta digitalizatuek. Baina beste 1.500 bat paper eta dokumentu solte daude –gehienak jatorrizko testuak, batzuk besteren kopiak–; horiek denak, gaien arabera sailkatuta eta alfabetoz ordenatuta, iturri bakarra osatzen dute: AOB (“Artxiboko orri bakanak”). Badira lagun eta adiskideengandik jasotako dokumentu literarioak ere.

  1. Argitaraturiko liburuen jatorrizko testuak: Sei karpeta dira, inprimategirako prestatuak –Hiru gizon bakarka liburuarena ez dugu osorik aurkitu, baina bai horren lehenagoko jatorrizko bildumen bi kopia–. Elorri liburuaren inprimategirako originala ez dugu aurkitu, baina bai aurreragoko beste karpeta oso interesgarria, 237 olerki dakartzana eta 1950-1956 urteetan idatzia (Elorriko Lorak); horko 106 bat olerki jaso zituen Elorri liburuan; ia beste hainbeste idatzi zituen liburua osatzeko; baina horien jatorrizko testurik ez dugu jaso. Elorriko Lorak karpetako gainerakoak argitaratu gabe geratu ziren.
  2. Argitaratzeko liburugaiak: bost karpeta (edo idatzi-sorta) dira, Gandiagak argitaratzeko eratuak, baina argitaratu gabe geratu zirenak. Horietako bat da 2004ean argitaraturiko Adio –titulu hori argitaratzailearena da, ez autorearena–.
  3. Olerki-bilduma bereziak: Gandiagak berak eratutako bildumak dira paper bakanez osatuak: bere horretan gorde ditugu. –Horiekin batera aipagarriak dira, literatur lehiaketetara bidalitako poemak edo olerki-bildumak: Horietako lau aurkitu ahal izan ditugu–.
  4. Koadernoak: 8 koaderno dira, osorik edo partez idatziak.
  5. Testu-sortak: Banatuta aurkituriko hainbat testu sortatan bateratu ditugu geure aldetik, horien arteko kidetasunari begira; testu-gorputz apartekoak osatzen dituzte: gaien arabera bildutakoak nahiz lagun jakinei dedikaturiko olerki edo bertso-sortak.
  6. Artxiboko orri bakanak (AOB, siglaz): 9 artxibadore handiak dira, non 1.500 bat testu baitaude, orri bakanetan idatziak, gaien arabera sailkatuta eta sail bakoitzaren barruan alfabetoz ordenatuta.
  7. Bestelako testuak: Bestelako idatzi “ez-literarioak”, baina Gandiagaren literatur produkzioari oso lotuak dira haren Egunkaria (karpeta batean bildua) eta haren hitzaldi, aurkezpen eta elkarrizketen jatorrizko testuen karpeta (17 dokumentuz osatua).
  8. Dokumentu grabatuak. Gandiagaren poema kantatu edo errezitatu eta grabatuen disko, kasete, bideo, CD eta DVDak. Gandiagaren hitzaldi eta elkarrizketa grabatuen kaseteak eta CDak.

2.2. Iturrien datu-basea

Gandiagaren literatur Testuen datu-basearen (TDB) oinarria eta lagungarria da Iturrien datu-basea (IDB). Horregatik Literatur Testuen datu-basearekin batera eskaintzen dugu horien Iturriena ere. 250 inguru dira iturriok, grabatuak eta digitalak ere kontuan hartuta:

Iturrien jatorria
Liburuak eta liburuskak (Gandiagarenak nahiz kolektiboak) 50
Aldizkariak (aldizkari tituluak) 27
Orri inprimatuak 10
Koadernoak 8
Karpetak (liburugaiak) 9
Bilduma eta sortak 67
Artxibadoreak (AOB) 9
Bideoak 4
Kaseteak 32
Diskoak 16
CDak 11
DVDak 7

Datu-basean iturri-unitate bakoitzaren deskripzioa eman dugu –aldizkari bakoitza unitate bakartzat hartu dugu, horren zenbaki guztiak batean hartuz–. Iturrien izenak (autoreak edo editoreak emandakoak nahiz geure aldetik ipinitakoak, kodeen bidez izendatzen ditugu, gehienak; ik. Edizio kritikoaren iturriak.

Honako informazioa aurki daiteke IDBn, iturri bakoitzaren erregistroan, eremuka banatuta:

  • 1. Autorea eta lankideak
  • 2. Izena, kodea eta datu bibliografikoak (edo diskografikoak).
  • 3. Euskarriaren kanpo-deskripzioa
  • 4. Iturriaren barne-edukia
  • 5. Iturriko dokumentuen gaiak
  • 6. Iturriaren datazioaren arazoa
  • 7. Gandiagaren testigantza iturriari buruz
  • 8. Bestelako oharrak
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa