Denetara 866 euskarazko testu poetiko eta literario argitaratu zituen Bitoriano Gandiagak, bizi zelarik: bere izeneko bost liburuez gain urteetan (ik. B. GandiagarenBio-bibliografia), hainbat olerki eta hitz lauzko testu aldizkaritan eta bestelakotan. Argitaratu gabe, ordea, askoz gehiago utzi zuen; karpetetan, koadernotan eta orri bakanetan: 2.250etik gora. Horietako batzuk argitaratzeko prestatuak; asko eta asko nahikoa landuak eta orraztuak; zirriborro eta apunte hutsean hainbat. Bera hil ondoren beste 600 inguru literatur testu argitaratu dituzte, lehendik argitaratu gabeak: autore-liburuak (bost), lankidetza-liburuak (bi) eta zenbait aldizkaritan. Hala ere, beste hainbeste dira oraindik argitaratu gabeko literatur testuak Gandiagaren ondarean: 1.650 inguru.
Beraz, Gandiagaren euskarazko literatur testu guztiak (olerkiak, bertsoak, prosazkoak), une honetan datu-basean ditugunak, 3.147 dira –alde batera uzten ditugu une honetan testu eta idatzi ez-literarioak edo euskal literaturari buruz ez direnak eta herritarrengandik berak jasotako herri-literaturakoak–. Testu argitaratuak, horien jatorrizko kopiak, bestelako kopia zuzenduak eta aldaerak: denak batean harturik, 5.600 dokumentu inguru dira, edizio kritikoan kontuan izan ditugunak.
Argitaraturikoen jatorrizko eta tarteko bertsioak eta argitaragabeen kopia eta bertsio ezberdinak karpetetan, koadernotan, eta bilduma eta sorta berezitan daude sailkatuta eta ordenatuta Gandiagaren artxiboan: eskuz idatzitakoak nahiz daktilografiatuak, sarritan eskuz orraztuak edo gainetik zuzenduak – 1.500dik inguru dira artxiboan jasota dauden Gandiagaren eskuzko testu literarioak–. Karpetarik oparoena (239 poema), autoreak berak antolatuta utzirikoa, daktilografiatua baina behin eta berriro eskuz zuzendua, 1950-1956 urteetakoa da (ELRL). (2008. urtea burutu orduko zuzenean kontsultatzeko moduan egongo da Gandiagaren Idazlanen ondare osoa Arantzazuko Gandiaga Topagunean).