Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

AOB^

Etxera etorrita
hau da, baina harrera!
Ia bidali naute
bertatik kalera.
Inuxente nentorren,
pozarren gainera...
Aurpegi beltza zuten,
latza begikera.
Loreaz didate egin
lehenengo galdera.

— Baina zer Lorea ta
zer Lorea ondo?
Hitzegin idazue
zentzuz eta ondo.
Baina... Horra sospetxa
txispa bezain pronto:
Lorea dendakoa
ez al den izango?
Badakit zergatikan
jarri diran bronko.

Guztiaz jabetu naiz
mementu batean:
zeloak daude hemen
denaren atzean.
Auzoari egina
egin ez etxean!
Horrexek jarri digu
fraileak trantzean.
Behazuna barrendu
zaie bihotzean.

Dena da inbidia,
eraman ezina.
Mundu hontan ez gara
bat eta berdina.
Bata ez da bestea
bezain atsegina.
Fraile mikatzek egin
bezate esamina
ea betetzen duten
dioten dotrina.

Sei bertso dizkidate
idatzi fraileak,
mindurik daudela ta
erruki gabeak.
Kontsejuak ere eman
pixu ta grabeak
(zozoari ipurbeltz
ziotsan beleak).
Ez al ditu nahikoa
bakoitzak bereak?

Betitik gustatu zait
gauza dotorea,
fraileei aitortzen diet
beren ohorea.
Aukeran nituenez
ona ta hobea
duda gabe nuen nik
hautatu Lorea,
Lorea dendakoa, [I]
dendako florea.

Gaia 1: Arantzazu
Azpi-gaia: Arantzazu: Fraideak
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa