Bitoriano Gandiaga

Edizio kritikoaren iturriak: EGS

Autorea: Gandiaga, Bitoriano

Iturriaren izena: Egaña-Gandiaga sorta

Argitalpen-datuak: Daktilografiatua, 95 orri

Orrialde-kopurua: 190 + 1 (95 orri)

Dokumentu mota: Daktilografia

Sailkapena-1: Sorta

Sailkapena-2: 3.4. Bilduma-Artx

Kanpo-deskripzioa: I. Karpeta marroi, eraztunduna, folioak jasotzekoa: paper-sorta ezberdinez osatua. II. Xabier Egañarengandik harturiko paper sorta nahasia, bederatzi sorta ezberdinetan ordenatu dugu, eta sorta bakoitza zenbakitu egin dugu, zenbaki erromatarrez. Plastikozko zorro banatan daude sortak. Sortetako paperak oso ezberdinak dira: I. eta II. sortatakoak folio tamainakoak dira gutxi gorabehera (32 x 22 cm); II. sortakoak folioa baino handiagoak (35 x 23,50 cm); IV. sortan hiruzpalau tamainako eta motatako orriak daude nahasita (27 x 17,50 cm eta 21,50 x 16 cm tartean); V. sortako DIN-A-4 moztua da (28 x 21); VI. sortakoa, 35 x 23,50; VII. sortakoa, 32 x 21,50; VIII. sortakoa, 32, 21,50; IX. sortakoak ere tamaina eta mota ezberdinekoak dira: 22, 17,50 (11 orri), 32 x 21,50 (4 orri), 29,70 x 21 (2 orri), 32 x 22 (2 orri). IV. sortan 63 orrialde dira, goialdean ezkerrean zenbakituta; 41-48 orrialdeak falta dira; eta bi orri daude horrelako orrialde-zenbakirik gabe. Olerkiak ez doaz UBM liburuko ordenan. Eskuinean bestelako zenbakiren bat daukate orri gehienek. Horiek ere ez daukate zer ikusirik UBM-ko ordenarekin edo orrialdeekin.

Edukia: A) EGS, I: Celebración del chacolí 1 eta Celebración del chacolí-2 (5 orri). Txakolinaren Ospakuntza-1 oso-osoaren itzulpena ez dago; zenbait atal falta da; sarrera eta poemaren azken lerroak, adibidez; lehenengo zurrutaren ondorengo bi ahapalditxoak ere ez daude EGS-n, TBO-n eta HGBS-n ere ez dauden bezala; baina, bestalde, lehen zatian badaude bi atal txiki, euskarazko iturrietan HGBS-n bakarrik daudenak, eta EGS-ko testuan bertan gainetik eskuzko marra handi batez ezabatutzat-edo emandakoak. EGS-ko itzulpena eta HGBS-ko euskarazko testua parekoak eta berdinak dira; azken honetako bigarren partearen gaztelaniazko itzulpena ere eta EGS-koa berdinak dira. B) EGS, II: Celebración del chacolí 1 eta Celebración del chacolí-2 (13 orri). Euskarazko poemaren itzulpen osoa da, TBO bertsiotik edo horren kidekoren batetik egina. C) EGS, III: HGB-ko bost poema (5 orri). HGB-n argitaraturiko bost olerki daude jasota, gaztelaniazko itzulpen eta guzti. D) EGS, IV: UBM-ko poemak (54 orri): Gandiagaren 55 olerkiren gaztelaniazko itzulpenak dira; 43 olerki UBM-n argitaratuak dira; beste 12 olerkiren itzulpenik ez dugu aurkitu. Testuetako bat, Blas de Oterorena da, Gandiagak UBM-n hasierako orrialdean euskaraturik eman zuena. –UBM liburuak 99 olerki ditu, eta 22 testu hitz lauz idatzita; olerkietako ia erdien itzulpenak dauzkagu hemen–. E) EGS, V: "Bataiatzera" poema (1 orri). F) EGS, VI: "Ikusten duzu Herriko ikasleak dion alegia" poema (1 orri), gaztelaniazko itzulpen eta guzti. G) EGS, VII: "De paseo por Donosti" (1 orri). Titulu horren azpian bost olerki txiki daude: itzulpena dela ematen du. Gandiagarena izan daiteke, baina ez dugu inon jatorrizko euskarazkorik aurkitu. H) EGS, VIII: Tres trozos de poemas (1 orri): Hiru poema edo poema-zati daude, gaztelaniaz, eta komatxoen artean. Badirudi, Gandiagak besteren batengandik hartu zituela. I) EGS, IX: Textos literarios varios (17 orri). 1) Autore ezezaguneko gaztelaniazko testua: "Lejos" (zazpi orrialdeko poema), "De la infanticida María Ferraz" (hitz lauz, 3 orrialde), "En un viaje a Andalucía (3 orrialdeko poema), "Barcas en la arena" (orrialde bateko poema); 2) Leon Feliperen 12 poema (4 orrialde).

Gaiak: Materiala hain heterogenoa izanik karpeta honetako gaiak ere oso ezberdinak dira. Lehen bi sortak oso nabarmenak dira: Txakolinaren ospakuntzak, HGB liburuan argitaratuak, eta horietako gaiak ezagunak dira oso; IV. sortakoak UBM liburukoak dira ia denak; horietan Madrilgo hiriaren gaia nabarmentzen da.

Datazioa: Seguruenik garai eta abagune ezberdinetan eskuraturiko materialak dira karpetakoak. Horregatik horko bildumak berak ez du datarik; baina 1986 baino lehenagotik zeukan bilduma hori Xabier Egañak. Izatez bertako Gandiagaren material idatziak data hori baino askoz lehengokoak dira denak. Sorta bakoitzekoek badute beren data, zehatza edo gutxi gorabeherakoa. EGS-ko "Celebración del Chacolí-1" HGBS iturriaren garaikoa-edo da nonbait, TBO baino lehenagokoa, 3. zatia teatralizatu gabe baitago EGS-n, HGBS-en bezala; eta gainera lehenengo zatian badaude bi testu, HGBS-n eta EGS-n, TBO-n eta HGB-n ez daudenak. 1972kotzat-edo joa dugu HGBS, eta EGS ere urte berekotzat jo genezake. "Celebración del chacolí-2" 1973koa –agian 1972koa– izan daiteke. UBM-ko testuen itzulpenak liburua argitaratu aurrekoak dira seguruenik; besteak beste, sortako orrialdeetan ez dagoelako inolako erreferentziarik liburuko orrialdeei. 1975 edo 1976kotzat jo genitzake itzulpen hauek.

Bestelako oharrak: Xabier Egañaren eskuetan utzi zituen Gandiagak karpeta honetako poema eta testu literarioak. Geure aldetik, artxiborako ordenatu eta sailkatu egin ditugu, karpeta eraztundun bakarrean ipiniz denak. I-VI sortatakoak Gandiagarenak dira; VII-IX sortatakoak ez dira Gandiagarenak. Baina denak karpeta berean jarri ditugu, Xabier Egañagandik jasotako karpeta bezala gordetzearren. Gandiagak adiskide handia zuen Xabier Egaña, eta bere poema eta bestelako testu literario zenbait eskuratzen zion, gaztelaniaz, Egañak euskaraz irakurtzen ez zuelako. Gero elkarrekin solasaldiak ere izaten zituzten testuoi buruz. Gandiagak Madrilen eman zuen uda hartan Egaña ere han bizi zen, eta elkarrekin harremanik izan zuten; horregatik ulertzekoa da, handik sorturiko testuak izatea gehienbat Xabier Egañaren eskuetan zeudenak. Berarentzat itzuli ote zituen testuok? Egañak berak ez du gogoan, noiz eta zein modutan iritsi zitzaizkion material horiek berari.

Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa